Hona hemen mozioa osorik:
ZARAUZKO OSTALARITZARI LAGUNTZEKO NEURRIAK
Martxoaren 14ko 463/2020 errege dekretuaren bidez, pandemia egoerari aurre egiteko alarma egoeran sartu ginen, eta horren baitan, merkataritza, ostalaritza eta beste hainbat zerbitzu eta negoziok itxi egin behar izan zuten, beraien diru-sarrerak bat-batean eten eta beraien etorkizuna kinka larrian jarriz.
Zarauzko Udalak, maiatzaren 28an eginiko udalbatzan, itxialdi horretako egoera arintzeko bi dirulaguntza lerro ireki zituen, horretarako 1.010.000€ko diru poltsa bideratuz.
Azaroaren 6ko EAEko buletinean argitaratutako 38/2020 dekretuarekin, neurri murriztaile berriak ezarri ziren kutsatuen etengabeko igoera gelditzeko, osasungintza ez saturatzeko eta pertsona oro arriskutik babesteko. Neurri honen kaltetu nagusiak ostalaritza eta beraientzako lan egiten dutenak izan dira, berriz ere itxi egin behar izan baitute.
Bestalde, azaroko ohiko antolakuntza batzordean, lehenengo (martxoko) alarma egoeraren ondorioz jarritako dirulaguntzen onuradunen zerrenda aurkeztu ziguten. Bertan ikusi ahal izan genuen, diru poltsaren zati handi bat erabili gabe geratu zela.
Egoera larri hau luzatzen ari da eta gure ostalariak oso gaizki pasatzen ari dira. Hori ikusita, udalak babesa eta laguntza eman behar die, eta horretarako erabakiak beraiei entzunez eta azkar hartu behar dira.
Horregatik, honakoak eskatzen dizkiogu Udal Gobernuari:
1. Zarauzko ostalari guztiei irekitako bilera bat antolatzea, guztiak entzun eta ikuspegi orokor bat izateko.
2. Udako tasekin egin zen bezala, negukoak ere ez kobratzea (tasa horiek zein izango diren ostalariekin adostuz).
3. 2021era arte itxoin gabe ostalarientzako dirulaguntzak lehenbailehen abian jartzea.
4. Ostalaritza irekitzen denerako bonuak prestatuta izan eta kanpaina abian jartzea.