Osteguneko ez-ohiko batzarrean herritarrei zuzenean eragiten dieten ordenantza fiskalak izan ziren hizpide. EAJ-PSEk tasa eta zerga ia guztiak izoztea onartu dute, bat izan ezik. OHZ (Ondasun Higiezinen Zerga) %0,9 igotzea erabaki da plenoan eta EH Bilduren ustez gaur egungo egoera ez da horretarako egokia. “Bizitzen ari garenarekin, bakoitzaren egoera kontuan izan gabe herritar orori eragiten dion zerga bat da hau. Ez dugu uste bere egoera eta errenta nolakoa den kontutan ere hartu gabe zerga guztiei modu berean aplikatzeko garaia denik”, esan zuen Ion Arozena zinegotziak. Horren ordez, EH Bilduk etxebizitza hutsen errekargoa igotzea proposatu zuen. “Modu honetan guretzat garrantzitsuak diren bi helburu lortuko genituzke: alokairuaren merkatua mugiaraztea eta herriak beharrezkoa duen diru-bilketa”. EAJ eta PSE-EE aurka azaldu zirenez, ez zuen aurrera egin.
Iazko konpromisoei dagokionez, Etxebizitza Programa batek barne-bilduko dituen alokairurako hiru diru-laguntza lerro eta programa horretan parte hartzen duten maizterrentzat zerga hobariak adostu zituen, besteak beste, Udal Gobernuak EH Bildurekin. Konpromiso hori izan zen iazko Ordenantza Fiskaletan EH Bilduk etxebizitza hutsen errekargoa ez eskatzeko arrazoia, baina, bete ez dela ikusita, berriz ere lehen egindako proposamenari heldu behar zaiola uste du.
“Elkarrizketan oinarritutako eta adostasunak bilatzeko politika egiteko asmoa azaldu genuen legealdi hasieran eta iaz ikusi genuen lan horren lehen alea, EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren akordioarekin ez-ohiko batzarrean 2020rako Ordenantza Fiskalak onartu zirenean. Baina adostutakoak betetzea eta elkarrizketa urtean zehar mantentzea ezinbestekoa da, eta ez dugu hori ikusten Udal Gobernuaren aldetik. Dena den, gure elkarrizketarako prestutasuna mantenduko dugu aurrerantzean ere”, gaineratu du Arozenak.