Herritarren beharrez hitz egin aurretik, geltokiaren inguruan ez-ohiko udalbatzarra egitea kezkagarri jo du EH Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zarautz 2020ko mai. 17a, 09:40

Oraindik askotan eskatutako aurrekontuen egokitzapenaren zirriborrorik ez du aurreratu udal gobernuak. Alkateak atzo EH Bildurekiko izandako jarrera onartezina deritzo koalizioak. 

Alarma egoeran gaudenetik, ostegunean egin zen lehenengo plenoa, ez-ohikoa, trenbidearen eta tren-geltokiaren inguruan eztabaidatzeko. “Orain arte plenorik izan ez denean, Udal Gobernuari askotan eskatu diogun aurrekontuen argazki berriaren zirriborro bat ere ikusi ez dugunean, merkatari, ostalari eta negozio ezberdinak dituzten herritarrentzat zein laguntza emango ditugun erabakitzeko dagoenean, honetatik ahalik eta gutxien kaltetuta ateratzeko nola egingo dugun ez dakigunean... horrelako proiektu bat onartzeko ez-ohiko pleno bat deitzea sinestezina egiten zaigu”, adierazi zuen Itziar Murua EH Bilduko bozeramaileak.

“Badakigu, krisi honek ez duela beste guztia geratu behar, baina lehentasuna herritarrak dira orain, eta beste proiektuetaz hitz egiten hasi aurretik larri dagoen herritar asko eta askori nola lagundu pentsatu eta erabaki behar da. Horregatik, oraindik ez da une egokia gai honen inguruko erabakiak hartzeko”, gaineratu zuen.

Bestalde, alkateak udalbatzarrean izan zuen jarrera salatu du EH Bilduk: “Ohikoak dira bere jarrera eta hitz egiteko modu harroak udalbatzarretan, baina oraingoan guztiz tonoz kanpokoa izan zen. EH Bilduko bozeramaileak bere iritzia eman ondoren, alkateak eman zion erantzuna ez da onargarria alkate baten aldetik eta publikoki adierazi nahi dugu jarrera horrek gugan sortutako haserrea”.

 

Geltoki berriak eta pasabideak herriaren zatiketa betikotuko du

EAJk aurkeztutako geltoki berriaren eta pasabidearen proiektuak Zarautz zatitzen duen trenbidea betikotuko duela uste du EH Bilduk eta azterlan eta proiektu guztiak esku artean izan arte euren bozka ezin dutela zehaztu adierazi zuen Muruak; horregatik abstenitu zen atzo EH Bildu. 

Gogorarazi zuenez, 2009an trenbidea lurperatzeko trazatuaren azterlana egiteko hitzarmena sinatu zen Eusko Jaurlaritzako Euskal Trenbide Sarearekin (ETS). Hasiera horretan EAJrentzat ere lehentasun estrategikoa izan zen, baina azken 5 urte hauetan Udal Gobernuak guztiz bazter utzi du. “Guk azterlana bukatu egin behar dela uste dugu. Etorkizuneko Zarautz amesterakoan zatitzen duen trenbiderik gabekoa imajinatu nahi dugu. Eta orain trenbidea lurperatzeko garai egokia ez dela ulertzen badugu ere, proiektua ez dela baztertu behar, eta etorkizunean proiektua gauzatzeko aukera dagoenerako, Zarauzko herria prest egon behar dela uste dugu. Horregatik, Udal Gobernu honek ETS-rekin sinatutako trenbidearen trazatuaren azterlanaren hitzarmenarekin aurrera jarraituko duen jakin nahi izan dugu bozkatu aurretik”, azaldu du Muruak.

Teknikoki, gabezia batzuk nabarmendu zituen EH Bilduk: Udalak ETSri egindako eskaeren erantzunik ez du jaso oraindik, beraz, behin betiko proiektua ez daukagu mahai gainean. Bestetik, pasabide honek herriko mugikortasunean aldaketak eragingo ditu, eta ez da egin mugikortasun planik. Besteak beste, Lapurdi eta Zigordia kaleen arteko joan-etorriak oztopatuko ditu.

Tren geltokiaren inguruan, gaur egungo eraikina 1995ean eraikia den arren eta ondare arkitektonikoaren ikuspuntutik interes berezirik ez izan arren, EH Bilduk adierazi zuen zalantza handiak sortzen dizkiela bota eta berria egin behar horrek.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide