Covid-19k eragindako larrialdi egoeraren aurrean, Zarauzko EH Bilduko udal taldeak honako neurri proposamenak egiten ditu eta neurri hauek urgentziaz har ditzala eskatzen dio Zarauzko alkate den Xabier Txurrukari.
- Jarraipen mahai bat eratu dezala, larrialdi egoeraren ondorioz herritarren artean sortzen ari diren behar eta arazoei garaiz eta inplikatutako agenteekin koordinatuta erantzun ahal izateko.
Herritarrei segurtasuna emateko momentua da, eta erabakiak taldean eta adostasunez hartzeak herritarrei segurtasun mezua emango diela sinesten dugu. Mahai honek gutxieneko osaketa hau izatea proposatzen dugu: alkatea, babes zibileko arduraduna, Udaltzainburua, Ongizate eta gizarte zerbitzuetako burua, Berdintasun saileko burua, boluntario sareko ordezkaria, Osasun zerbitzuetako ordezkaria eta alderdi politiko guztietako ordezkariak.
(mahai hau modu telematikoan elkartu daiteke).
- Arrisku handiena duten edo premia bereziak dituzten herritarren zaintza beharrei erantzuteko sortu den boluntario sarearen ardura har dezala.
Boluntario sare hau beharrezkoa dela sinesten dugu, baina berau koordinatzeko eta jendearen ekimen nahia modu protokoarizatuan, seguruan eta udaleko gizarte zerbitzuarekin elkarlanean egin ahal izateko neurriak udalak hartu behar dituela uste dugu.
- Telefono bat jar dezala herritarren eskura, zalantzak argitzeko zein bizi ditzaketen egoera larriei erantzun ahal izateko.
Zerbitzu honek ondo funtzionatu dezan, behar den pertsonala horretara bideratuz.
- Udal langileei ere etxean geratzeko eskatu diezaiela, posible den kasuan telelana edo telefono bidezko lana ahalbidetuz eta soilik zerbitzu minimoak mantenduz. Langile hauei udalak emergentzia egoera batean berea ez den beste lanen bat eskatu diezaiekela jakin araztea.
- Krisi honek familia, merkataritza establezimendu txiki eta ostalariei sor diezaiekeen galera ekonomikoei aurre egiteko diru-laguntzak abian jartzea.
- Zergen suspensio edo atzeratzearen inguruko hausnarketa eta azterketa ekonomikoa, aurrerago behar diren erabakiak hartu ahal izateko.
- Desgaitasun intelektuala daukan bat beren kargura dutenei kalera irtetzeko baimen berezia eman diezaietela, beti ere osasun-agintariek emandako gomendioak jarraituz eta denbora-epe mugatu batetarako.
Debekuaren salbuespen hori justifikatzeko,arduradunari desgaitasuna frogatzen duen agiria aldean eraman dezala eskatuz.
Bizitzen ari garen egoera hain aldakorra izanik, eskaera hauek martxoaren 17ko egoerari begiratuz eginak dira. Aurrerantzean hartu beharreko pausuak aldatzen joan daitezkeela argi dugu eta horiek proposatzen dugun krisi mahaiean erabakitzea proposatzen dugu.