Alokairua, industriaguneak eta herriko mugikortasuna hobetzeko konpromisoa adostu ditu EH Bilduk Udal gobernuarekin

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zarautz 2019ko urr. 19a, 11:48

Datorren urteko ordenantza fiskalak aurtengoak baino justuagoak izan daitezen, Udal Gobernuarekin hainbat konpromiso adostu ditu EH Bilduren udal taldeak. Konpromiso horiek haintzat hartuta, EH Bilduk babesa eman die aurtengo ordenantzei.

 

Osteguneko ez-ohiko batzarrean herritarrei zuzenean eragiten dieten ordenantza fiskalak izan ziren hizpide eta datorren urterako zenbait hobekuntza proposatzeaz gain, Udal gobernuarekin hainbat konpromiso adostea lortu du EH Bilduk, besteak beste, alokairurako diru-laguntza lerro bat, aurreko legealditik EH Bildu eskatzen ari den Mugikortasun Plan integral bat eta ordenantzetan isla izango duten tarifa sozialen lanketa sakon bat. 

“Akordio horri esker, bidezkoagoak diren Ordenantza Fiskalak izango ditugu Zarautzen. Kanpainan esan genuen, horretarako egingo genuela lan. Zarautzen bizi eta lan egiteko aukerak sortu eta sustatzea da gure helburua eta horretarako lanean jarraituko dugu”, adierazi du Itziar Murua bozeramaileak.

Ordenantzei dagokionez, EH Bilduren ekimenez eta herriko Abendaño eta Errotaberri industriaguneak indartzeko helburuarekin, euren jarduera ekonomikoa herrigunetik eremu horietara mugitzen duten enpresek lehen hamar urteetan %50 hobaria izango dute. 

Bestalde, hirilurren gainbalioaren zergaren karga-tasa mailakatu egin da, etxebizitzaren eskualdatzea egiten den urte kopuruaren arabera. Modu honetan, espekulatzeko helburuarekin egiten diren eskualdatze kasuetan zerga handiagoa ordainduko dute.

Datorren urterako konpromisoei dagokionez, Etxebizitza Programa batek barne-bilduko dituen alokairurako hiru diru-laguntza lerro abian jartzeko konpromisoa hartu zuen Udal Gobernuak eta programa horretan parte hartzen duten maizterrek zerga hobariak ere izango dituzte datorren urtetik aurrera.

Herritarrak kontuan hartuko dituen Mugikortasun Plan bat abian jartzea eta Tarifa Sozialen inguruko lanketa sakon bat egitea ere adostu zuten EH Bilduk eta Udal gobernuak, datorren urteko Ordenantzak orain baino justuagoak izan daitezen.

 

“Elkarrizketan oinarritutako eta adostasunak bilatzeko politika egiteko asmoa azaldu genuen legealdi hasieran eta atzo ikusi genuen lan horren lehen alea, EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren akordioz ez-ohiko batzarrean 2020rako Ordenantza Fiskalak onartu zirenean”, gaineratu du Muruak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide