80. urteurrena bete du 1936ko uztailaren 18ko altxamendu frankistak. Altxamendua, Alemaniako nazien eta Italiako faxisten laguntzarekin, 1931ko apirilaren 14an demokratikoki eratutako Errepublikaren kontra egin zen, eta baita, zilegitasun osoz sortutako Eusko Jaurlaritzaren kontra ere. Demokraziaren eta herritarren aurka egin zen altxamendu faxista, kolpisten ideologia nazional-katolikoaren aurka zeuden pertsona, talde sozial, politiko eta kulturalen triskantza osoa helburu izan zuena.
Matxinadak diktadura gogor bat ezarri zuen, berrogei urte baino gehiagotan ehunka-milaka pertsonen oinarrizko giza-eskubideen urraketa ekarriz: desagertuak, fusilatuak, sumarioki exekutatuak, konzentrazio esparruetan, esklabutza lan batailoian, kartzela, kuartel eta komisaldegietan torturatuak, arbitrarioki atxilotuak, exiliatuak, jazartuak…
Orain arte biktima hauek guztiak ahaztuak izan dira. Ez dira justiziak erreparatuak izan, eta hainbeste min eta laztura eragin zuten erantzuleak ez dira ikertuak izan, are gutxiago prozesatuak edo zigortuak. Egoera lotsagarri honek ezin du horrela jarraitu. Ez die biktimei eta bere senitartekoei bakarrik eragiten. Gizarte guztiari dagokio hiritar guztien eskubideak eta interesak babestea eta, batez ere, bere instituzioei. Udaletxeak, herritarrengandik eta, beraz, egitate eta bizipen tragiko hauek sufritu dituzten biktimengandik gertuen dagoen instituzioak, hain zuzen ere, baldintza egokienetan daude biktimen interesak defendatzeko eta herritarren eskubideen alde egiteko. Nola ez da, bada, zilegi izango gure herrian hainbeste biktima eragin zuen estatu-terrorismoaren ekimen sistematikoen aurrean erreakzionatzea? Nola ez, gizateriaren kontrako krimenen bitartez instituzio demokratikoak asaltatu zituztenen kontra agertzea?
Oztopo juridiko gaindiezinak daudela konbentzitu nahian ibili dira orain arte. Alderantziz denean: ez da inongo oztoporik ez dagoela soilik, baizik eta justiziara heltzeko oinarrizko eskubidearen kontra egitea ilegala dela, nazioarteko betebehar guztien kontrakoa.
Nazioarteko lege-xedapenei jarraituz, justizia espainiarra izan da, hain zuzen, munduko toki ezberdinetan egindako gizateriaren aurkako urraketak eta krimenak ikertu dituena, nahiz eta kasu guztietan frankismo garaietan baino askoz ere kopuru gutxiagokoak eta denboran gutxiago luzatuak izan. Aldiz, kanporako beraiek erabilitako doktrina argi honi traizioa eginez, justizia espainiarrak frankismoaren krimenak ikertzeari uko egin dio, gaurdaino, argudio eutsiezinekin.
Horren ondorioa izan da biktimak bere eskubideak defendatzeko hartu duten nazioarteko bidea. Argentinan eraikitako frankismoaren aurkako Kereilak, eta baita Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluak dituen hainbat erakundeen inpunitatearen aurkako erabakiek ere, oinarri sendoa ematen die Egia, Justizia eta Erreparazioaren aldarriari. Baina ez da nahikoa: beharrezkoa zaigu frankismoaren inpunitatearekin hemen eta orain bukatzea. Eta horretarako, instituzio publikoek Justiziaren ekimenak bereak egin eta bultzatzea ezinbestekoa dela deritzogu.
Honengatik guztiagatik, Zarauzko EH Bilduk:
1. Uztailaren 18ko altxamendua salatzen du, baita 1936ko gerra eta ondorengo erregimen frankista diktatoriala ere.
2. Diktadura frankistaren biktimak eta senitartekoak babesten jarraituko du, baita beraien memoria iraunarazten ere. Aldi berean, erregimen frankistaren oroimenezko inolako adierazpenik eta legitimaziorik izan ez dadin ziurtatuko du.
3. Udaleko Giza Eskubideak eta Bizikidetza Batzordean gure udalerrian diktadura frankistak eragindako gizateriaren aurkako krimen guztiak ikertzeko lanketa abian jartzea eskatzen du, zein baldintzatan egin ziren zehaztuz, nortzuk izan ziren erantzule zuzenak eta zeharkakoak jakinez, eta, kasuan, beraien egozte, auzipetze, epaiketa eta zigorra jartzeko erabakia hartuz.
4. Zarautzen frankismoaren biktima edo biktimen familiartekoekin lanketa komuna martxan jartzea eskatzen dugu.
5. Azkenik, 2016ko apirilaren 14az geroztik bildu ez den Giza Eskubideak eta Bizikidetza Batzordea berrabiaraztea eskatzen diogu Zarauzko Udal Gobernuari.