Aste Santu aurretik, Manzisidor kalearen norabidea aldatzea eta, ondorioz, inguruko kaleetan ere aldaketak egitea erabaki zuen Zarauzko Udal gobernuak. EH Bilduk Gobernantza batzordean adierazi zuen inprobisazioz hartutako erabaki horrek kaosa ekarriko zuela eta, ondoren publikoki salatu genuen moduan, halaxe izan zen: mugikortasun hierarkiari (oinezkoak, bizikletak, garraio publikoa, ibilgailu pribatuak) muzin eginez, Alde Zaharrera trafiko gehiago bideratu zen eta oinezkoen segurtasuna kolokan jarri zen, Antoniano ikastetxeko eta Oteitza lizeoko ikasle nahiz gurasoena tarteko.
Orain, herritarren kexak entzun eta arazoaz jabetuta, berriro ere aldaketak iragarri ditu Udal gobernuak. Guretzat garrantzitsuena, Alde Zaharrean ibilgailu motordun trafikoa murriztea da. Pozten gaitu erabakiak, eurek sortutako arazoa neurri handi batean zuzentzen duelako, nahiz eta Donibane plazan dagoen lur azpiko aparkaleku sarrerara iristeko zailtasunak ugaritzen diren. Hala ere, alferrikako kaosa eta kale pintaketek nahiz seinalizazio aldaketek eragindako gastu guztiak aurreztu zitezkeen inprobisazioz jokatu ez balitz.
Gauzak horrela, behin eta berriro eskatu dugun Mugikortasun Planaren beharra azpimarratzen dugu beste behin ere. Udal gobernuari eskatzen diogu, honelako arazoak ekiditeko, har dezala aurreko legealdian egindako Zarauzko Mugikortasuna Antolatzeko txosten teknikoa eta, hori oinarri izanik, gure herriko Mugikortasun Plana burutu dezala, mugikortasunari dagozkion erabakiak horren baitan hartu ahal izateko.
Aldaketa berriarekin onartutako zenbait puntu interesgarri:
- Manzisidor kalean zamalan gunea eta motorren aparkalekua kentzea eta dena egoiliar moduan jartzea norabidea mantenduz. Gipuzkoa kalera iristerakoan eskubitara joatea debekatzea.
- Gipuzkoa/Salegibidegurutzean ezker-eskubi joan ahal izatea. Larunbat eguerdiko 13:00etatik asteleheneko 08:00ak arte San Frantziskoruntz ixtea.
- Gipuzkoa kaleko taxi geltokian zamalan gunea jartzea. Antoniano Ikastetxeko haurrak eramaten dituztenentzat San Frantzisko kalean dagoen seinalizazioa Gipuzkoa kalera eramatea. Zamalan gunea ordutegia bete denean (larunbat eguerditik igandera) egoiliarrentzako gunea izatea.
- San Frantzisko/Nafarroa parean dagoen zebrabidea semaforo bidez erregulatzea.
- Gipuzkoa Kalean (Manzisidor-Gaztainpe tartean): Kale Nagusiruntz doan erreila, motor eta bizikletek bakarrik erabiltzea.