Udal gobernua zarauztar guztion 1.340.000 euro oparitzeko prest dago Salberdingo promotoreei

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zarautz 2016ko eka. 7a, 10:29

Maiatzeko udalbatzarrean EAJren eta PSEren aldeko bozkekin onartutako Salberdingo Kontzertazio hitzarmenak herritar guztion poltsikoetatik 1.300.000 euro jarri beharra eragingo du, bertako interesatuek ordaindu beharrean. EH Bilduk salatu nahi du Udal gobernua hainbat eremutan garabiak martxan jartzeko edozein prezio onartzeko prest dagoela, herritarren kalterako.

Salberdingo eremuan eraiki nahi diren 1.000 etxebizitzek eragina izango dute Zarautz osoan eta eragin hori zarauztar guztion kontura izatea nahi dute EAJk eta PSEk. Argi dago Salberdingo inguruan sortzen diren urbanizazio gastuek eragin zuzena dutela exekuzio eremuarekin. Hau da, Salberdin inguruko sarbideak ez lirateke aldatu beharko bertan 1.000 etxebizitza egiteko asmorik ez balego; aldaketa horiek eremu horri laguntzeko egiten dira. Beraz, lan horiek suposatzen dituzten gastuak lur horien jabeek ordaindu beharko lituzkete, eta ez zarauztar guztiok. Udal gobernuak hartutako erabakiak lurjabeei 1.340.000 euroko oparia egitea suposatzen du eta, aldi berean, zarauztar guztioi ezarritako 1.340.000 euroko zigorra.

Salberdingo obren bultzatzaileek hiru lan-eremu urbanizazio gastuetatik kanpo uztea eta Udalak ordaintzea proposatzen dute: Zelai-Ondo – Bizkaia eta Zelai-Ondo – Mitxelena bidegurutzeen aldaketak, Zelai-Ondo auzoko eraikinen atzeko guneen hobekuntza eta Araba eta Aitze kaleetako lan osagarriak (zolatzea, espaloiak egitea…).

Lur jabeak Auzitegi Konstituzionalaren epai batean oinarritzen dira lanen gastuak bere gain ez hartzeko. Epaiak dionaren arabera, “ezin zaio hirigintza eremu bati haren eremutik kanpoko urbanizazio obligazioak leporatu urbanizazio horrek ez badio beharrezko zerbitzu bat ematen areari edo arearen funtzionaltasunerako derrigorrezkoa ez bada”. 2011ean onartutako Plan Bereziaren eta 2015eko jarduketa programan kostu horiek lurjabeen artean banatzea erabaki bazen ere, oraingo hitzarmenak hori guztia atzera bota eta kostuak Udalaren kontura egitea proposatzen du. Kontuan izatekoa da, Udala bera ere lurjabea dela. Alegia, irabaziak lurjabeen kontura izango diren arren, urbanizazio kostuen zati bat lurjabeen kontura izango da eta beste zati bat Udalak soilik oraindu beharko du.

EH Bilduk argi dauka etxebizitza horiek egiteak sortzen dituzten gastu gehigarriak ezin direla zarauztar guztien poltsikoetatik ordaindu eta lur jabeek hartu behar dituztela bere gain. Udal gobernuari eskatzen diogu promotoreekin akordiotara iristearen truke ez ditzala herritarrak edozein preziotan saldu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide