Zarauzko Udalak ez du kontratazio publikoetan lan baldintzak hobetzeko borondate politikorik

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zarautz 2016ko eka. 1a, 13:40

Zarauzko Udal gobernuak uko egin dio kontratuetan gizarte klausulak sartzeko eskatzen duen ELA sindikatuak aurkeztutako mozioa onartzeari. EH Bilduren ustez, ezezko honek langileen lan baldintzak hobetzeko EAJren eta PSEren borondate politiko eza erakusten du.

Zarauzko Udal gobernuak ezezkoa eman dio maiatzeko udalbatzarrean ELA sindikatuak aurkeztu eta EH Bilduk babestutako mozioari. Bertan, kontratazio publikoetan gutxienez esparru txikieneko sektore-hitzarmeneko baldintzak derrigor errespetatzea eta kontratua amaitzean enpresa esleipendun berriak langileak subrogatzea eskatzen da, besteak beste.Erabaki honek oztopo bat suposatzen du kontratu publikoetan lan baldintza hobeak ahalbidetzeko.

Mozio honek ELA sindikatuak 2013ko urrian bultzatutako herri ekimen legegilea du oinarri. Orduan 110.000 herritarren babesa jaso zuen lege proposamenak eta, orduan ere, EAJk eta PSEk, herritar horiei guztiei bizkar emanez, ezezkoa eman zioten Gasteizko Legebiltzarrean.

EH Bilduk argi dauka mozio honen onarpena oso garrantzitsua dela. Kontratazio publikoa garrantzia handiko jarduera ekonomikoa dela deritzogu eta zerbitzuen eta enpleguaren baldintzak arautzea aurrerapen handia litzateke, gaur egun orokorrean pairatzen dugun prekarietate egoerari aurre egiteko.

EAJk eta PSEk, mozio hau ez onartzeko, mozio “politiko” bat dela argudiatu dute, aitzakia gisa erabili du Udal gobernuak.Gure ustez, horrelako gai sentikor baten aurrean, neurri horretakoakusazio larriak errespetu falta ikaragarria suposatzen dute, bai sindikatu eta gizarte eragileekiko, eta baita orokorrean langile eta herritarrekiko ere. EAJ eta PSE alderdiek ez dute mozioaren garrantzia kontutan hartueta lan baldintzak hobetzeko konpromisoa hartzeari muzin egin diote.

EH Bilduk, orain arte bezalaxe, langileen lan baldintza duinak defendatzen jarraituko du sindikatu eta gizarte eragile ezberdinekin elkarlanean eta adi jarraituko ditu Udal gobernu honek aurrerantzean sinatzen dituen kontratu publiko guztiak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide