Zarauzko Eusko Alkartasuna harremanetan egon da Zarauzko EH Bilduren Mahai Politikoko ordezkariekin, hurrengo legealdiarekin zerikusia duten hainbat gaitan adostasun batera iristeko asmoz, esaterako, Zarauzko soziologiarekin bat datorren programa eta hautagaitza lantzera begira egongo den akordioa lortzeko.
Koordinatzailearen hitzetan, “Eusko Alkartasunak guztiz beharrezkotzat jotzen du herriko sentsibilitate ezberdinak argi eta garbi bilduko dituen programa eta hautagaitza aurkeztea, EH Bilduk maiatzeko hauteskundeetan ahalik eta arrakastarik handiena lortzeko”. Are gehiago, argi du “aurretiazko lan bat egin daitekeela eta egin behar dela, betiere EH Bilduren estatutuak erabat errespetatuz, prozesua herrian EH Bilduren eta Eusko Alkartasunaren oinarriek berretsi beharko luketen akordio batean amaitu nahi bada.”
Baina bozeramailea ez dago pozik hainbat bileren ondoren jasotako erantzunarekin. “Eusko Alkartasunak ezin du alderdi politiko gisa parte hartu tokiko eremuan, eta gure afiliazioa norbanako gisa (bilkide gisa) parte hartzera gonbidatzen da, ez kolektibo gisa”, azaldu du. “Honek praktikan esan nahi du Eusko Alkartasunaren ekimen politiko zuzena ezereztu egiten dela, Bilduren sortzailea den alderdiaren jarduera lekukotza hutsean uzten delako, Eusko Alkartasunaren nortasunak ezin baitu agertu, EH Bildu alderdi bakarra eta gero eta uniformizatuagoa bihurtzen ari den honetan.”
“Bazterketa” egoera honen aurrean, Zarauzko Eusko Alkartasuna batzartu egin zen hilaren 18an eta bertan onartutako adierazpenean LORTU ARTE akordioan jasotako oinarriak berretsi ditu. Akordio hau indar subiranistak batzeko jaio zen eta adostutako helburuak lortzeko partaideak lanean jarri nahi zituen bide politiko, demokratiko eta baketsuak erabiliz soilik, beti “Elkarren arteko errespetuan” oinarrituta, jakinda sinatzaileek “Kultura politiko eta hainbat gaitan ikuspuntu ezberdinak” zituztela. Izan ere, LORTU ARTEn argi jasotzen da “errealitate objektibo hori desagerrarazteak… mesede kaxkarra egingo lioke adostasun honek izan dezakeen indarrari.”
Ondorioz, Eusko Alkartasunaren Tokiko Batzarrak adierazi du gaitzetsi egiten duela Zarautzen “errealitate objektibo bat desagerrarazteko” saiakera hau, Zarauzko EH Bilduren Mahai Politikoak ezarritako baldintzetatik eratortzen dena.
Azkenik, Eusko Alkartasunaren Tokiko Batzarrak EAk 2019ko udal hautagaitzarako proposatu zituen zinegotziei eskatzen die egoerari buruz hausnartzeko eta horren arabera jarduteko.