Aurreko astelehenean, martxoak 21, egin zen batzarrean Zarauzko Eusko Alkartasunaren Batzarrak Tokiko Batzode eragilea aho batez berretsi du eta Kongresuan gertatutako irregulartasun ugariak salatu ditu.
Horretaz gain, bertan bildutakoek duela hilabete pasa alderdiko ejekutiba nazionalak afiliazio eten zien Mikel Goenaga eta Begotxu Olaizola kideen egoera aztertu eta beren eskubideen urraketa eta bidegabeko errepresioa jasaten ari direla nabarmendu nahi izan dute. “Ez da ulertzen alderdi barneko praktika ez demokratikoak salatu eta barne demokrazian sakontzen saiatzen ari diren afiliatuak alderditik kanporatuak izatea”.
Horren aurrean, EAren Tokiko Batzarrak alderdiaren zuzendaritzaren praktika errepresiboak salatu eta kide hauekiko babes eta elkartasun osoa adierazteaz gain, hauen lana eskertu eta udal mailan egiten duten lan politikoan duten konfiantza berretsi du. Bozeramailearen hitzetan, “Batzarraren ustez, Mikel Goenagak eta Begotxu Olaizolak Zarauzko Eusko Alkartasunaren ordezkari izaten jarraitzen dute, eta alderdi horrekin hartutako konpromisoarekin jarraitzera animatzen ditugu.” Era berean, batzarrean aho batez erabaki da Mikel Goenaga eta Begotxu Olaizola zinegotziek Zarauzko EAri udalaren bizitza politikoaren berri ematen jarraituko dutela.
Azkenik, bozeramaileak berriro deitoratu du herri mailan, “alderdi gisa, Zarauzko EAk ezin izatea Zarauzko EH Bilduren egituretan normaltasunez parte hartu, iazko irailean Zarauzko EH Bilduk hartutako erabakiaren ondorioz”, baina erantsi du “gure udalerriko politikan Zarauzko Eusko Alkartasuna erakunde aktiboa da, eta gure mezua eta proiektu politikoa lantzeko beharrezkotzat jotzen ditugun tresnak eta bideak erabiltzen jarraituko dugu.”