Santa Klarako monumentu-multzoa udalaren esku geratu da, Klarisak eta Udalaren arteko salerosketa-sinaduraren ondoren. Herriko indar politikoek aho batez babestutako urrats hau albiste bikaina da zarauztarrentzat, gozatzeko leku paregabea lortzen baitute.
Alkateak iragarri du hurrengo urratsa eraikinaren egoeraren azterketa sakona egitea izango dela eta baita eraikin multzo horren etorkizuneko erabilerari buruzko erabakitzeko prozesu parte-hartzailea abiaraztea ere. Erabaki hauek zentzuzkoak dira Santa Klaran etorkizunean egin beharko diren jarduketak aurrera eramateko.
Hala ere, parte-hartze prozesu horrek ez luke Santa Klara bakarrik izan behar ardatz. Gaur egun, zarauztarrek badute hiri-ondare bat, eta ondare hori osotasunean aztertu behar da, bere osagai bakoitzak funtzionaltasun egokia izan dezan.
Ez dugu ahaztu behar orain arte udal honek egindako hainbat apustu, besteak beste, Santa Klararen erosketa, Modelo Zinemaren erosketa eta eraberritzea, La Inmaculada ikastetxeari erabilera publikoa eman izana Musika Eskola bihurtuz, eta baita Ebro-Etxea, Villa Munda, Frontoi Zinema eta Villa Manuela ere, udal-jabetzako eraikinak direla eta gaurregun horietako gehienak funtzioren bat betetzen dutela dagoeneko; beren egoera eskasagatik eraikinen bat edo beste baldintza eskasetan erabilia izan arren, eta besteren bat aspaldian erabilia ez izanagatik.
Santa Klararen erosketak eraikin horien guztien funtzioak berrantolatzeko aukera paregabea eskaintzen du, baita proiektu berriak txertatzeko ere, hala nola hizkuntza-eskola bat, deserrotutako pertsonentzako arreta-zentro bat eta abar.
Parte-hartze prozesua gure hiriko eraikinen funtzioak birdefinituko dituen ikuspegi zabal batetik abiatuta egin beharko litzateke, sormena hauspotu eta zarauztarren beharretara egokitu den kultur eskaintza ahalbidetzeko. Hori guztia kultur eragile guztien inplikazioa izango duen eta erabakiak hartzeko orduan zarauztarrak benetan ahaldunduko dituen prozesu parte-hartzaile baten bidez.
Erronka garrantzitsu honi era egokian erantzuteko abiapunturik egokiena da Zarauzko kultur eragileak oraindik sortzear dagoen kultura mahai batean inplikatzea, udalarekin lankidetzan, prozesu parte-hartzaile guztia zuzendu eta dinamizatu dezan.