Arbelaren lezioa

Erabiltzailearen aurpegia Bertol Arrieta 2015ko aza. 12a, 12:00

Ia nahi gabe, esperimentu interesgarri bat atera zitzaidan lehengoan, ikasgelan. 19-20 urte inguruko 30 bat ikasle dauzkat, zein baino zein zintzoagoak, ondo kieto eta isilik egoten direnak bakoitza bere aulkian. Ariketak egiten ari ginen, eta hamaika aldiz esan diedan arren ateratzeko lasai arbelera, ariketa gaizki egiten badute ez dela ezer gertatzen, are, hobe dela, baten akatsak zuzenduz guztiok ikasten dugula, alferrik izaten da normalean nire ahalegina, eta ipurdiek aulkian epel segitzen dute, bertan goxo.

Ikaragarria da porrotari diogun beldurra, gauzak gaizki egiteari, jendaurrean lotsagarri geratzeari (xakearekin egitera doazen gisan, antzerkia ere derrigor landu beharko litzateke eskoletan, halako arazoak saihesteko, baina beste upel bateko ardoa da hori).

Ariketa ebaztera boluntariorik ateratzen ez zela ikusita, lotsa galtzen hasteko (bestelako argibiderik eman gabe) banan-banan arbelera aterarazi nituen, gutxien-gutxienez beren izena idaz zezaten. Esaneko, guztiek bete zuten nire agindua batere kexarik gabe, eta arbel osoa eurentzat garbi asko zuten arren, errenkada eta zutabe zuzenetan idatzi zituzten euren izenak, marrarik izan gabe ere 6 bider 5eko taula ia perfektu bat osatuz. Inor ez zen gai izan, bere aurreko ikasleak marraztutako disziplinari aurre egin eta taula irudikatu hartatik kanpo ipintzeko bere izena. Baten bat ausartu zen ingurukoek baino letra-tamaina nabarmen handiagoa erabiltzera, besteren batek ezizena jarri zuen (kasu, ez aurretik niri baimena eskatu gabe!), baina hortik kanpo, matxinada gutxi; uniformetasun ia beldurgarriarekin jardun zuten guzti-guztiek gainontzean.

Beldurra ematen digu taldetik kanpo sentitze hutsak, ez gara arauak haustera ausartzen, meneko gara egin beharrekoa justua den ala ez geure buruari galdetu ere egin gabe, zintzoak gara zintzotasuna zer den zalantzan jartzera iritsi gabe.

Aurki denbora luzean klaseak emateari utziko diodalako ausartu naiz agian halakoak egiten aurtengoan, ikasgelara akaso sekula bueltatuko ez denaren askatasunak —beldur ezak— bultzatuta seguru asko. Eta damu naiz lehenago horrelakoak gehiago egin ez izanaz, ni ere zintzo —zintzoegi— eta zuzen  —zuzenegi— aritu izanaz, sentitzen dudalako ni izan naizela, hezkuntza sistemaren aurreko guztiei batuta, ikasle hauei arbelean lerro eta zutabe ikusezin baina ondo mugatuak jarri dizkien azken katebegia.

Bi eskuak altxatzeko agindu nien. «Zorionekoak gu! Inork ez dio alerjiarik klarionari!», egiaztatu nuen, eta boluntarioak eskatu nituen arbelean ariketa ebazteko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide