Adinaren ederra

Erabiltzailearen aurpegia Arantxa Aldalur 2020ko aza. 2a, 15:33

Arantxa Aldalurrek idatzitako testu berria da honakoa; Adinaren ederra.

Ekoizpena nagusitu eta gizatasuna galtzen ari den gizarte honetan adineko jendea ikusten dut zaurgarriena.

Aro bakoitzak baditu bere ezaugarri positibo eta ez hain positiboak. Naturak ondo antolatu du horien banaketa; izan ere, positibo guztiak sasoi batek bilduko balitu, gizakiok gainerakoak gutxietsi egingo genituzke.

Jakinduria, samurtasuna, pazientzia, benetako baloreak, besteak beste; horietaz gehien dakitenak -eta haiengandik ikasi beharko genuke- adinekoak direlakoan nago baina gaur ikusezinak bihurtu dira; konturatu gabe, beste alternatibarik ezean, denak iritsiko garela edadetuak izatera.

Gaztaroa, edertasuna, adimena eta antzekoak neurriz kanpo baloratuta daude. Anitzak gara, bai besteekiko, bai geure baitan, etapa desberdinak bizi baititugu. Askotan pentsatu ohi dut bizitza honetan dagoeneko bizitza asko bizi izan ditudala eta ikastea helburu bada, dena ondo joanda, zahartzaroan izango naizela jantziena, norbere neurriko eboluzioan.

Zahartzarora maitasuna eta errespetua jasoz, gizartean ageriko eta, neure neurrian, eraginkor iristea amesten dut; baita barruko bake eta irribarrearekin ere, eta etxerako lanak egin ditudala erakutsiz.

Halaber, inguruan ditudanei ere gauza bera opa diet, noski.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide