Bat-batean, lizarra

Erabiltzailearen aurpegia Arantxa Aldalur 2019ko mai. 20a, 20:00

Haizeteak parkeko zuhaitzak suntsitu zituen batean nik beti begiratzen nion sahats bat erabat desitxuratu zuen.

Handik hilabete batzuetara parkean paseoan sahatsaren ondoko lizarrari erreparatu eta neure buruari esan nion sahatsak ez zidala denbora luzean lizarra ikusten utzi. Begirada murritzak eder zabala ikustea oztopatu ohi digu behin baino gehiagotan; horixe izan zen nire lehen pentsamendua.

 Bigarrena, badela bere buruaren distira azaltzeko besteena itzali beharra izaten duen jendea, ulertu gabe parke batean zuhaitz mota guztiek dutela lekua eta, desberdinak izanik, bakoitzak baduela bere edertasuna konparatu beharrik gabe.

 Erkatzeak irabazle-galtzaile jokora garamatza eta, horrela, sahatsez edo lizarrez edo haritzez edo auskalo zein zuhaitzez osatutako lorategiak baino ez ditugu eraikitzen, aniztasunaren aberastasuna galduz.

 Ikasi beharko genuke unibertso izeneko parkeko zuhaitz guztiak behatzen denen edertasuna gozatu ahal izateko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide