Gogoratzen dut Aste Santuan hotza eta azaroaren 1ean beroa egin ohi zuela eta pena izaten zen erabilitako arropa janztea; askotan hotza eta beroa, hurrenez hurren, pasatzea nahiago izaten genuen soinean arropa berria eramatearen truke.
Honekin batera, astegunetako arropa eta jai egunetakoa desberdintzen zen. Gaur egun, zorionez, libreagoak gara, janzteko orduan ere, eta egunari begiratu gabe, gogoari moduari, gustuari jarraitzen diogu, nortasuna dagoen kasuetan behintzat.
Hala ere, bitxia da “de domingos” janztearen kontzeptua nola mantentzen dugun hainbat alorretan, hala nola, lana topatzeko orduan, ezkontzetan, ustez etiketa-jantziarekin joan behar den egoeretan, azaltzeko eta portatzeko erak aldatzeraino.
Irudiari ematen zaion garrantzia izugarria da gaur egun ere, eta, agian lehengo “de domingos” haiek gaurko Facebook, Instagram eta abarrak dira.
Itxurak asko hitz egiten du gutaz edo asko hitz egiten dugu itxuratik baina itxura eta itxurakeriaren arteko muga bereiztu beharko genuke. Beti “de domingos” azaltzea ez da erreala.