Zurrumurruak

Erabiltzailearen aurpegia Arantxa Aldalur 2019ko api. 29a, 10:34

(...) Subjekturik, beraz arduradunik, ezaren eta errepikapen hutsaren indar paregabea dela bide, erraztasun osoz edozein astakeria egia borobil bihurtzeko gaitasuna du (...).

Zurrumurru batekin hasi dut eguna; txirrinarekin batera iritsi zait eta berriak gehi kafea baino lehenago irentsi dut.

 

Zurrumurruaren hedatze-abiadura oso azkarra da; ahalik eta jende gehienari helaraztea du ezaugarri nagusi. Halaber, gaiztakeria apurra darama bere baitan eta, ezkutuan, isilean, "inori ez esan", "gure artean gera dadila" eta antzekoen pean zabaltzen da; ozenki eta garbi jakinarazteak oso zuzen jokatzen ari ez garelako kutsua azalarazi eta sinesgarritasuna ezbaian jartzen baitu.

 

Subjekturik, beraz arduradunik, ezaren eta errepikapen hutsaren indar paregabea dela bide, erraztasun osoz edozein astakeria egia borobil bihurtzeko gaitasuna du.

 

 

 

Hartzailearengan badu sedukzio puntu bat. Ez dakigu zehazki zein arrazoirengatik:gure alderdi ilunaren proiekzioa besteengana bideratzea; pertsonaren eskaskeria; edo morbo hutsa- hartzaileari ez zaio interesatzen egia jakitea edo sinestea, zurrumurrua bera erakargarriagoa delako.

 

 

 

Honen guztiaren hausnarketa sakona egin nahi dudalako, ez dituelako ondorio positiboak izaten, katea apurtu nahi dudalako, goizean iritsi zaidan zurrumurrua zuekin ez konpartitzea erabaki dut.

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide