Duela bi aste, Antoniano Ikastetxeko hiru irakaslek, etapa ezberdinetako ordezkari gisa, Finlandiara bidaiatu zuten Erasmus+ programak eskaintzen duen job-shadowing esperientzia batean parte hartzeko. Aste osoko egonaldian, haur hezkuntzako, lehen hezkuntzako eta bigarren hezkuntzako bi ikastetxe ezagutzeko aukera izan zuten, bertako irakasle eta ikasleen egunerokoa hurbiletik bizi ahal izateko.
Bidaiaren helburu nagusia Finlandiako hezkuntza-errealitatea gertutik ezagutzea izan da, baita Antoniano Ikastetxeko praktiken inguruan hausnartu, proiektuak sendotu eta hobekuntzarako ideiak jasotzea ere. Irakasleek aukera izan zuten ikasgelak bisitatzeko, ikasle eta irakasleen arteko harremanak zuzenean ikusteko eta eguneroko dinamika pedagogikoak aztertzeko.
Astean zehar gauzatutako jardueren artean, honako hauek izan ziren nabarmenenak:
- Ikasgelen behaketa: haur, lehen eta bigarren hezkuntzako saioetan parte hartu zuten, ikasketa-prozesuak eta metodologia desberdinak gertutik ezagutuz.
- Irakasle eta langileekin elkarrizketak: hausnarketa-saioetan parte hartu zuten, bi herrialdeen hezkuntza-ikuspegiak alderatu eta esperientziak partekatzeko.
- Euskal kultura eta hezkuntza aurkeztea: Antoniano Ikastetxea eta Zarauzko herria aurkeztu zizkieten hango ikasle eta irakasleei, Euskal Herriko kulturaren inguruko solasaldi aberasgarriak sortuz.
Esperientziatik bueltan, irakasleek azpimarratu dute Finlandiako ikastetxeetan sumatutako lasaitasuna eta irakasleen arteko konfiantza berezia. Haien hitzetan, ikusitakoak baieztatu du Antoniano Ikastetxea norabide onean doala eta egindako lanarekin jarraitzeko bultzada eman die. Egonaldia ikasketa, emozio eta hausnarketaz betetako bidaia izan da, eta jaso dituzten ideiak ikasleen ongizatea, motibazioa eta ikasketa-prozesuak hobetzeko baliatuko dituzte.
Antoniano Ikastetxeak Erasmus+ programaren bidez halako esperientziak bultzatzen jarraituko du, ikasle eta irakasleen hazkunde pertsonala zein profesionala indartu eta ikastetxearen etengabeko hobekuntza bermatzeko helburuarekin.