Antonianoko DBH4ko ikasleak Herbeheretan izan dira aste honetan

Erabiltzailearen aurpegia Antoniano Ikastetxea 2024ko mai. 4a, 13:00

Erasmus+ proiektuaren barruan egin dute egonaldia hango Lentiz Revius eskolarekin garatzen ari diren SDG14 lanarekin aurrera egiten jarraitzeko.

Urtero bezala, DBH4ko ikasleak Herbeheretan izan dira Erasmus+ proiektuaren barruan, bi irakasleen laguntzarekin. Maassluisko Lentiz Revius eskolarekin burutzen ari diren Erasmus+ proiektua aurrera eramateko baliatu dute egonaldia, apirileko azken astean. Martxoan hango lagunak Zarautzen izan ziren proiektuari hasiera emateko, eta oraingoan Antoniano ikastetxeko taldeak bidaiatu du haien herrialdera proiektua bukatzeko.

Proiektuaren izena hauxe da: Mission Possible SDG14... Do you know what I mean?. SDG14-k 2030 Agendaren Garapen Jasangarriko 14. helburuari egiten dio erreferentzia, eta, uraren azpian bizitza zaintzeko mekanismoak sustatzea du helburu. Gizakiek egunero mikroplastikoak erabiltzeak kalte egiten dio itsaspeko bizitzari, askotan oharkabean, eta horrek etengabeko eragina du gure itsas faunan. Plastikoak oso ezagunak dira aldakortasunagatik, eta gizakiok milaka produktutan erabili ohi ditugu egunero. Horregatik, itsasoa jatorri desberdinetako plastikoz betetzen da, eta degradatzean mikroplastiko bihurtzen dira; hau da, material plastikoaren zati txikiak, itsas faunan eta ekosistemetan eragin larria dutenak. Itsas animaliek irensten dituzte, eta azkenean gure digestio-hodira iristen dira elikadura-katearen bidez.

Hori horrela, jardueraren edukia da gure hondartzetan, kanaletan eta Euskal Herriko eta Herbehereetako ozeanoetan mikroplastikoen presentzia behatzea, mikroplastiko horiek aztertzea, plastikoaren erabilera minimizatzeko irtenbideak proposatzea eta bi ikastetxeetan kontzientziazio-kanpaina prestatzea ekainaren 8rako, bi komunitateak jabetu daitezen ekintza txikiek garrantzia dutela. Proiektuan lan egitearekin batera, astean zehar beste hainbat ekintza ere burutu dituzte Antonianoko ikasleek eta sekulako astea igaro dute bertako kideekin. Urtero bezala, ikaragarrizko esperientzia aberasgarria izan da eta bi ingurune ezberdineko Europako gazteek bat eginez sinergia iraunkorrak sortu dituzte, gizarte jasangarriago baten bila

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide