Iaz Europar komisioak Antoniano Ikastetxeari egindako aitortzaz harago, Erasmus izendapenak elkarlanerako ateak zabaldu dizkio zentroari. Europako aitortza hori ikastetxean eleaniztasuna eta praktika berritzaileak sustatzeko egiten den eguneroko lanaren emaitza da, eta, helburua da bertako ikasleek egungo munduan jarduteko beharrezko trebetasunak eskuratzea eta eskolako hezitzaileen etengabeko garapen profesionala bultzatzea.
Hainbaten artean, eleaniztasuna eta kalitatezko irakaskuntza aktiboa lerro estrategikoak dira ikastetxean, eta hainbat bide jorratzen ditu erronka horiek lortzeko. Xede horiek aintzat hartuta, azken hamahiru urteetan eta gaur arte, Frantziako eta Herbeheretako beste ikastetxeekin nazioarteko proiektu komunak gauzatu ditu; aurten, Mission possible: SDG14… Do you know what I mean?.: a joint awareness-raising campaign to reduce the impact on the Atlantic ocean izeneko egitasmoa.
Hala, Agenda 2030eko garapen iraunkorreko 14. helburuaren inguruan lanean ari dira Antoniano eta Lentiz ikastetxeak Zarautz eta Maassluis (Herbehereak) artean sentsibilizazio kanpaina sortzeko. Itsas azpiko bizitza aztertu, kostaldeak babestu eta gizakiak horietan duen inpaktua murriztea dute helburu. Hain zuzen ere, proiektua garatzeko, Herbehereetako kideak Zarautzen dira egunotan. Martxoren 6an heldu ziren eta bihar itzuliko dira haien etxeetara. Apirilean, berriz, zarauztarrak izango dira Herbehereetara bidaiatuko dutenak.
Bisitariak herrian izan diren egunetan, Zarauzko Udalaren harrera jaso dute eta proiektuari lotuta, ikasle eta irakasleek elkarrekin hainbat jarduera burutu dituzte. Joan den ostiralean, esaterako, Zumaian izan ziren Flyschak ezagutzen.
Elkarkidetzan garatutako proiektu honetan ikasleek zeregin aktiboa eta parte-hartzailea dute eta jasotzen duten ikaskuntza esanguratsua izan dadin lortu nahi da. Dena den, esperientzia pedagogiko hori ez da esparru akademikora soilik mugatzen; izan ere, kideen arteko elkarreraginak lotura pertsonala garatzean ere eragin nahi du, elkarren arteko harreman iraunkorrak bultzatzeko. Lore Garcia, Antoniano Ikastetxeko Erasmus+ proiektuko arduradunaren hitzek ederki laburbiltzen dute hori: "Erasmus+ proiektuak sortutako lotura emozionalek hezkuntzaren mugak gainditzen dituzte. Proiektu honi esker, ikasleek adiskidetasun iraunkorra ezagutzen dute… gaur da eguna hasierako urte haietan ezagututako gaztetxo, familia eta hezitzaileek bisitatzen gaituztena, eskolan burutzen ditugun proiektuak ezagutzera, garapen profesionalaren bila. Erasmus+ egitasmoari esker ehuntzen diren sareak amaigabeak dira, benetan dira plus!"