Santa Ageda bezpera gauean, otsailaren 4an, Euskal Herrian oles egiteko ohitura izan dugu. Oles egitea norbaiti dei edo erregu egitea da, ate joka laguntza eske ibiltzea. Ohitura honek oraindik bizirik dirau toki askotan. Aurten, ordea, ostiralera aurreratu dugu, hilaren 2ra. Kandelario eguna ere bada, gainera.
Hala, ohiturari eutsiz, Antoniano ikastetxeko ikasle, irakasle eta nahi duen oro kalez-kale ibiliko gara, herriko bost gune desberdin alaitzeko. Lagun handi Lagun txiki proiektuaren baitako ekintza izan ohi dugu jarduera, eta, honenbestez, haur bakoitza bere lagun handiarekin irtengo da kalera. Hori horrela lagun handiak izango du txikia zaintzeko ardura.
Zapi koloretsua, txapela eta makilak eskuetan, kopla batzuk abestuko ditugu, eta ondorengo puntu hauek izango ditugu bilgune, goizeko 11:30 aldera: Haur Hezkuntza 4, Lehen Hezkuntza 4 eta DBH1eko ikasleak Torre Luzean arituko dira; HH5 eta LH5eko neska-mutilak, Musika plazan; LH1 eta LH6ko ikasle eta irakasleak, Udaletxeko plazan; LH2 eta DBH2ko taldea Udaberri/Laboral Kutxa parean; eta, DBH3 eta DBH4ko ikastaldeak Paxo inguruan.
Guztiek ere, betiko koplak abesteaz gain, lagun handienek sortutakoak kantatuko dituzte. Beraz, adi inguruko dendari, tabernari eta bizilagunak… ea zer eskatzen dizueten.
Gure auzoa den herrigunea girotu eta herritarrak alaitzea dugu helburu! Anima zaitezte gurekin kantuan aritzera, denok bat eginik askoz atseginagoa izango delako! Ondoren, argazkiak edota bideotxoak ikusi nahi dituenak ikastetxeren webgunean izango du horretarako aukera.