Antoniano Ikastetxeak ekintza solidarioz betea du abendua

Erabiltzailearen aurpegia Antoniano Ikastetxea 2023ko abe. 14a, 12:00

EITB Maratoirako bideoa grabatu duen Antoniano Ikastetxeko ikasle taldea. (Antoniano ikastetxea)

Haurrak protagonista dituzten hiru ekimen solidarioetan parte hartuz agurtuko du 2023a: Gaur egun handia duen EITB Maratoiaren kanpaina sustatzeko bideoa grabatu du, batetik, Save the Children eta Ayuda Contenedores Gobernuz Kanpoko Erakundeek bultzatutako ekimenekin bat egin du, bestetik, eta, gabon-kanta jaialdia eta San Tomas eguneko txistor-jana ere egingo dute, azkenik.

Hilabete berezia izaten da abendua Antoniano Ikastetxean. Urtean zehar ere egiten dituzte janari, arropa edota liburu bilketak, besteak beste, baina abenduan haurrak izaten dituzte helburu. Haurrak. Beraiek bezalako haurrak. Behar eta nahi berdinekin.

Aste honetan hasi dute Ayuda Contenedores Gobernuz Kanpoko Erakundeari bidaltzeko jostailu bilketa eta abenduaren 19ra arte jaso eta sailkatuko dituzte jostailuak. DBH2ko ikasleek egin ohi dute bilketa: gelaz gela joaten dira, gaia eta helburua aurkeztu ondoren, erabakitako epean jostailuak jasoztzeko. Ikasle bakoitzak hiru jostailu eraman ditzake gehienez.

Bihar, berriz, Save the Children GKEaren ekimenarekin bat egiteko txanda izango da: lehendabizi, 16:30etik 17:30era, Gabonekin lotura duten eskulanak eta herri kirolak egiteko aukera izango dute ikasleek eskolako kiroldegian, eta, ondoren, 18:00etan, Save The Children martxa txiki solidarioa egingo dute. Bertan, parte hartzaileei borondatea eskatuko diete aipatu erakundeari laguntzeko.

Horrez gain, minbiziaren ikerketaren aldeko 2023ko EITB Maratoiarekin bat egin du ikastetxeak beste urte batez. Hala, gaur egun handia izango duen Minbiziaren aurka aukera berriak kanpaina sustatzeko ETS taldearen Aukera Berriak kantuaren bertsioa bidali dio hedabideari ikasle talde batek, bideoan grabatuta. 

Azkenik, oporrak hartu bezperan, eta, ohi bezala, gabon-kanta jaialdi ederra eskainiko diete familia eta lagunei. Lehen hiruhilekoko lanak amaitzeko, gainera, txistor-jana egingo dute.

Ekintza ugari, beraz, nora herritar guztiak gonbidatuta dituzten. Halaber, Antoniano ikastetxeko familia handiak Eguberri eta Urteberri zoriontsuak opa dizkio Zarauzko herriari!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide