Antoniano Ikastetxeko Erasmus+ programaren arduradun den Lore Garcia Benito irakasleak E-LIVE proiektua hedatzeko Nazioarteko Konferentzian parte hartu du aste honetan, ostegunean. Egitasmo horrek ikasleekin truke birtualak egiteko aukera eta baliabide egokiak eskaintzen ditu, eta, Valentzian, proiektuaren inguruko aurkezpena egin du Garcia Benitok, Herbeheretako Culemborg hiriko Lek en Linge Schooleko Mayte Ibañezekin batera: "Voy a conocerte: tengo butterflies in my stomach".
Antoniano Ikastetxeak 2022-23 ikasturtean jarri zuen martxan E-LIVE. Proiektuak oinarrizko hezkuntza-premiak jorratzen ditu egungo gizarte dinamiko, digitalizatu, multikultural eta globalizatuan. Horrela, plataforma birtual oso berritzaileen bidez, muga fisikoak gainditzen dira, ikasleek Europako beste herrialde batzuetako gazteekin komunikatzeko aukera izan dezaten beraientzat interesgarriak diren gaiak jorratzeko.
Zarauzko Antoniano Ikastetxeak Erasmus+ Akreditazioa eskuratu zuen iaz. Izan ere, nazioartekotasuna eskolako ardatzetako bat izanik, ikastetxeak ibilbide luzea darama egitasmo Europarrak bultzatzen. Horrela, Erasmus akreditazioaren bultzadari esker, kalitate handiko nazioarteko mugikortasun-proiektuak gauzatzen dituzte. Halaber, teknologia berrien eta irakaskuntza-metodo berritzaileen erabilera eta trukea sustatzen dute, hizkuntzen ikaskuntza indartzeko eta hezkuntza-lankidetzarako Europako sarea hedatzen laguntzeko.
Hau guztia posible izan dadin, Erasmus+ proiektuari esker burututako mugikortasun fisikoez gain, E-LIVE proiektuan ere parte hartzen dute, elkartruke eleanitzak egiteko mundu birtualak eskaintzen dituen aukerak ere jorratzeko. E-LIVE proiektuaren bidez, ikasturte honetan, LH6, DBH3 eta DBH4ko ikasleek elkartruke eleanitzak egingo dituzte hiru hizkuntza erabiliz: ingelesa, frantsesa eta gaztelania.
Antoniano ikastetxeak garbi dauzka proiektuari lotutako xedeak: hizkuntza-irakasleen gaitasun pedagogiko digitalak hobetzen laguntzea; ikasgelako hormak irekiz, hizkuntzaren eta kulturaren irakaskuntza berritzea berau aberasteko eta eraginkorrago eta esanguratsuago egiteko; ikaskuntza-prozesuak nazioartera zabaltzea kulturen arteko lankidetza eta nazioarteko pareen arteko komunikazioa errazteko eta irakaskuntza motibagarria eta esanguratsua gauzatzea.