Aurtengorako aurreikusita zeuden lanketak, elkartruke eta elkarreraginak burututa, hausnarketak eginak eta ondorioen gogoetak eginak daude. Eta, aste honetako asteartean, maiatzaren 9an, Euskadiko Eskola Kontseiluko lehendakaria den Maite Alonso andereak eta Kontseiluko idazkari teknikoa den Eva Blanco andereak, bisitan etorri eta, bertatik bertara hitz egin nahi izan dute proiektuaren arduradun eta parte hartzaileekin.
Herbeherear eta euskaldun ikastaldeak Ismoz: the sea as source of social, economic and cultural heritage in Holland and the Basque Country izeneko egitasmoan jardun dute elkarlanean. Itsasoa bi herrialdeen ondare aberatsa izanik, berau ikuspuntu giza-ekonomikotik aztertzeari ekin diote, alde batetik, eta altxor natural honen biziraupenera bermatzeko zertan lagundu dezakegun aztertzea izan dute helburu, bestetik.
Era berean, bi herrialdeen arteko lotura honen bitartez, Europako ondare kulturalen garrantziari buruz aritu dira eta kolaborazio proiektuek eman dezaketen balio erantsiaren inguruko hausnarketa egin dute. Zarautzen bildu ziren lehenik, martxoaren 17tik 24ra bitartean. Holandan, berriz, apirilaren 15etik 21era.
Elkarkidetzan garatutako proiektu honetan ikasleek zeregin aktiboa eta parte-hartzailea izan dute eta jasotako ikaskuntza esanguratsua izan dela esan genezake. Baina kideen arteko elkarreraginak lotura pertsonala garatzean ere eragin nahi du, elkarren arteko harreman iraunkorrak bultzatuz. Guztien ahotan entzun ditugu: "Esperientzia paregabea", "primeran pasa dut eta asko ikasi dut ere", "Erasmus+ inoiz ez dut ahaztuko", "ingelesa pila bat hitz egin dut", "holandar kultura gertutik bizi izan dut", "lagun berriak egin ditut"...