Zarauzko Antoniano Ikastetxeak bat egin du igandean Azpeitian egingo den Urdinduz martxarekin; izan ere, bihar, apirilaren 2an Autismoaren Nazioarteko Eguna da eta, urtero bezala, martxa solidarioa antolatu du Gautenak. Urdinduzek gizartea autismoaren inguruan kontzientziatzeko eta nahaste hau duten pertsonek aurre egin behar dieten hesiak ezagutarazteko urtero egiten den ekimen bat da.
Autismoaren errealitatea bistaratzea du helburu biharko egunak, errealitate desberdinak gizarteari aurkezteko. Azken finean, erakusten ez dena, ikusten ez duguna existitzen ez dela dirudielako. Antoniano ikastetxeak bide horretan lagundu nahi du, eta, horregatik, bi eskaera egin dizkiete herritarrei: batetik, globo urdinak zintzilikatzea etxeko leiho eta balkoietan, eta, bestetik, Azpeitian antolatu duten martxa solidarioan parte hartzea. Loiolatik Azpeitiko plazara joango dira eta 11:30ean jarri dute elkartzeko hitzordua. Ondoren, festa egingo dute herrigunean.
Antonianok, beraz, etxeak urdintzeko eta Azpeitian ospatuko den festara bertaratzeko deia egiten die zarauztarrei. Edonola ere, zalantzak argitzeko edo informazio gehiago jasotzeko bideak ere eskaini dituzte baten batek behar izango balu: aran@antonianokide.com helbide elektronikoa eta 943-83 02 86 telefono zenbakia.