Txapelketitisaren aparretan ari naiz artikulua idazten, sekulakoa egin dugula eta munduko onenak garela iruditzen zaigun garaian. Berehalaxe ohartuko gara ez duela ezertarako balio izango, baina utziguzue bitarte honetako utopiaz gozatzen, faborez.
14 gaztek hartu genuen parte Sarako finalean, 13 bertsolarik eta gai-jartzaile batek. 13 bertsolariak ere, herrialde guztietakoak: lurralde bakoitzeko bi bertsolarik kantatu genuen -zuberotar bakarrak-, herrialdeetako txapelketetatik sailkatuta. Horrek ematen dio aberastasuna saioari, eta hori da antolatzaileei eskertu behar zaien lehen gauza. “Zenbat zarete?” galderari “hamahiru, asko samar” erantzuteak lotsa eman arren, asko eskertzen da asko izate hori, nork bere bertsokera, euskara eta doinuak (batez ere doinuak!) izanda ere guztiok bertsotan ari garela ikustea zoragarria da.
Hala ere, ez pentsa exotismo hutsa garenik. Gazteok ere egiten dugu bertsotan, eta etorkizuna izango bagara eta gero bertsotan egingo badugu, gaur egun hasi gara gerorako bidea egiten. Larunbatekora joan zenak ikusi zuen nor, zergatik eta nola garen (eta bai, "nola" jarri dut, ez da akatsa; horrela izanez gero bai baikara, eta bestela ez dugu izan nahi). Ordea, zalantza daukat egite horrek zenbateraino balio duen.
Ukaezina da gaur egun ia ezinezkoa dela txapelketetatik pasa gabe plaza kopuru dezente bat lortzea, herrian eta zeuk antolatuta izan ezean bederen. Txapelketa erakusleiho bat da, eta gaur egun ez daukazu izenik lortzerik txapelketan aritu gabe, handik ezagutuko baitzaituzte. Galderak, baina, beste batzuk dira. Eta txapelketa bera ere zenbateraino da erakusleiho? Zein txapelketak eta zenbateraino balio du plazarako pausoa emateko orduan? Gazte denak ezin al du plazaz plaza aritu gaztea delako izateaz harago? Ezin al du “herriko gaztea” baino gehiago izan? Gazteak ezin al du gazteen zirkuitotik at, gazteen saioetatik eta txapelketetatik kanpo bertsolari izan? Bada, pentsa hau guztia txapelketetan kantatzeaz gain haietan zorte pixka bat izan duen batek baldin badio, zer esango duen txapelketetan kantatu gabe plazan aritu nahi lukeen horrek.
Dena den, izango da txapelketara erakusleiho izate hutsagatik aurkezten ez garela dioenik ere; txapelketa lehia dela eta txapelketan irabaztea nahiago duzula dioenik. Egia da, nik ere badiot. Txapelketa lehia da, eta ez dakit zenbateraino sartu beharko genukeen kirolkeriaren lokatzetan, baina izena ematen dugun aldiro egiten dugu. Behin txapelketan izena emanda, ahal dela nahiago izango duzu postuetan goraxeago gelditu, eta ilusio gehixeago egingo dizu irabazteak galtzeak baino. Hori hala da. Arrazoi izango du giroa giro eta laguntasuna laguntasun Sarara lehiatzera joan ginela dioenak. Arrazoi izango du hainbeste aldiz bigarren geratu ondoren -bide batez, zorionak Irati, a ze saioa!- behingoz irabazteko garaia dudala dioenak. Arrazoi izango du bigarren geratzea hirugarren geratzea baino hobea dela dioenak ere. Arrazoi izango du, baina arrazoi osoaren zati bat baino ez da hori, eta hau dioena ez zen larunbatean Saran izan; ez saioan, eta ez bazkaritan.
Agian atzo kantatu izanak ez digu ezertarako balioko eta ez dugu mereziko eskatzen dugun plaza horietan aritzea. Beharbada, atzo Iratiren atzetik geratu zen edonork ez zuen ezer irabazi. Edo bai. Dena.