Parisen egon ginen duela hilabete eta erdi edo; pilotaren inguruan ardaztutako emanaldi batekin gabiltza herriz herri -Laida Pilota-, eta Pariseraino iritsi ginen. Han aritu ginen bertsotan aita eta biok. Emanaldia ongi joan zen -dantzari, kontatzaile eta musikari talde bikaina izaten dugu ondoan-, eta izugarri gozatu genuen Sena ibaiaren hegietan. Erre berri den eta hainbeste jende erre berri duen Notre-Dame ikustera ere joan ginen azken egunean, sarrera itxita zegoela pentsatuta kanpoan geratu baginen ere -bai, zabalik zegoen-. Halako batean, haren ondoko parke batean bueltaka ari ginela, zera entzun genuen gazteleraz:
-Barkatu, espainolak al zarete? -ez galdetu zergatik uste izan zuten hau, ez dut uste euskara ulertu zutenik.
-Ez, euskaldunak -guk- baina badakigu erdaraz.
-Hara -bost segundoko isiltasun luzea- etxean bezala, beraz. Gu galiziarrak gara.
60 urte inguruko bikote bat zen, eta espainiarrak ez, euskaldunak ginela esan genien unean jarri zuten aurpegiaren argazkirik balego, ordainduko nioke daukanari ikusteko. Ez zien graziarik egin, baina galduta zeuden eta komeni zitzaien gurekin ondo moldatzea. Ez dakizue ze harrotasunezko irribarrek zeharkatu zuen Paris goiz hartan.
Bi bidaia izan nituen bata bestearen segidan kasualitatez, eta eskolatik bost eguneko irteera egin genuen duela hilabete inguru Londresa. Abiatu aurretik Loiuko aireportuan geundela, bandera ugari zeuden bertan, haien artean, Espainiakoa. Batek ez bazuen seinalatu eta "a ze nazka" esan, ez zuen inork egin. Ikurrinari, berriz, "hau bai". Honaino, jarrera infantilagoa edo helduagoa izan daiteke, baina euskaldunaren jarrera da.
Hala ere, Londresen bertan iritsi ziren bandera-joko hura kolokan jarri zuten hil ala biziko uneak, eta ni, zoritxarrez, ez nintzen espainolak baino lehenago iristen guztietara. Bai, “where are you from?” famatua, “between Spain and France”-en erantzun barregarriak jarraitu behar omen ziokeena. Ez, Espainiako banderak ez digu ematen nazka politiko-ideologikorik. Ez. Koloreak izango dira gustatzen ez zaizkigunak ezer izatekotan, estetikoki ez da polita izango. Baina gu espainolak gara. Eta hala esaten diegu galdetzen digutenei inongo erreparorik gabe Ez dakit inork errazkeriaz egiten ote zuen, beharbada izango zen korronteari jarraitzeko edo azalpenik eman beharrik ez izateko “Spain” esaten zuenik ere, baina errazkeriak kontzientzia zapaltzen badizu, ez da errazkeria handia dela, kontzientzia da txikia.
Duela aste bete-edo geratu zitzaidan argiago, lehenago nahiko argi geratu ez bazitzaidan. Minduta zetorkigun irakasle bat gelara, lehenago oso gertutik sentitzen zuen eztabaidagai bat atera omen zen beste gela batean, eta han esan zituztenek ahulduta zetorren. Gurean ere atera zen. Zer ote zen bakoitza: espainola, euskalduna, mundukoa? Inplikaziorik eza, benetako euskal etorkizun baterako benetako gogo falta, pasibotasun totala… hantxe antzematen ziren horiek guztiak inon antzematekotan. “Ni euskalduna naiz, eta abertzalea, baina espainola naizela esaten badidazu ere ez dizut ezetz esango”, “azken finean nire karnetean horixe dio”, “nik independentzia nahi dut, baina berdin zait”... eta antzekoz bete zen ikasgela. Indeterminazioa, inkoherentzia eta indiferentzia. Batez ere indiferentzia. Independentzia inondik ez. Eta horrela ezin da herririk egin.
Erraza da bandera gorri eta hori baten aurrean “hau nazka” esan eta abertzale, iraultzaile, euskaldun eta Euskal Herriko sentitzea; oso erraza. Are gehiago zure ondokoek ere gauza berbera egingo dutela dakizunean, edo ez zaiela inportako bederen. Benetako Euskal Herria, biharrari itxaron gabe gaur nahi duguna, ordea, ez dute banderek egingo, ez ereserkiek eta ezta eskolako mapetan marrazten ditugun Euskal Herri, Kataluinia eta Eskoziek ere. Ezer izan nahi badugu, etxeko mapa ezkutuetan besteen beldur izateari utzi eta esatera joan beharko dugu, “nongoa zara?” galdetu eta behin ere pentsatu gabe “Euskal Herrikoa” lasai esatera ausartu.
Eta gero, irribarrez zeharkatu Paris, nahi badugu hura ere Euskal Herri bihurtuko dugu eta.