Azala mehetzean.
Zimurrak dituzu begi ondoan.
Bizitza oso baten pisua gorputzean.
Izan zarena ez da iada agerian.
Itzal bat soilik zure pentsamenduan.
Urte bat gehiago eta urte bat gutxiago markatzen du egutegiak. Orduek, egunek, asteek eta hilabeteek horrenbeste kontatzen duten gizarte honetan. Eta hemen zaude zu, tinko, oraindik 2016a gogor heltzen.
Zer izango ote da zure lagunak banaka desagertzen doazen sentsazio hori izatea? Zu zarela, zu eta ez beste inor zerrendan hurrengoa, naturalki behintzat, hurrengoa...
Nik orain pentsatzen dudan ideiekin pentsatuko ote dut azala mehetzen zaidanean?
Hanekeren film bat ikusi dut gaur. "Behar beharrezkoak» atalean nuen aspalditik. Etxeko lan moduan ikusi gabe, irakurri gabe edo entzun gabe geratu ezin dutenen zerrendan zegoen 2012an estreinatu zenetik. Lista irekitzen nuen bakoitzean, hortxe, Amour...
Ez nintzen ikustera ausartzen bere gaiak ez ninduelako asko erakartzen, Hanekeren iluntasunak batzuetan gain egiten didalako eta batez ere bi pertsona "helduren" arteko "maitasun" istorio bat zelako.
Kostatu egiten zait... zahartzaroari buruzko istorioak entzutea. Esan dezaket ez? Ez naiz identifikatua sentitzen. Ez oraindik behintzat.
Lagun batek insistitu dit.
"Ikusi ingo deu!"
Ta hortxe jarri dugu bada Hanekeren Amour.
Ez dizuet kontatuko noski filmaren nondik norakoa. Ez da nire intentzioa spoiler bat egitea. Bakarrik esango dizuedana da, ikusi.
Zahartzen garenean zer izango ote da gutaz? Zer ote da zahartzea? Buruan dagoen sentsatzio bat da, hori argi daukat, ez da adinaren kontua.
Hogeitahiru urte nituela biran izan nintzen antzerki obra luze batekin. Hiru ordu irauten zituen lanak; oso fisikoa, oso gogorra. Bertako protagonistak hirurogehitabederatzi urte zituen... mila buelta ematen zizkidan fisikoki... eta mentalki.
Beraz, esan dezaket zahartzea buruan dagoen zerbait dela, espiritualki zahartzea behintzat. Baino... eta gorputzak failatzen dizunean? Eta azala mehetzean? Eta mina datorrenean. Eta burua joaten hasten denean? Eta pixkanaka-pixkanaka desagertzen zoazela ikusten duzunean? Eta gizarteak beste toki batera mugitu zaituela ikusten duzunean? Eta bakarrik geratzen zarenean? Eta ezindua geratzen zarenean?
Ezindua.... orduak, minutuak, segundoak, egunak horrenbeste kontatzen duten gizarte azkar eta frenetiko honetan... ezindua.
Azala mehetzean "denbora" berdin neurtuko dut? Egunak berdin iraungo dute edo txikitan bezala luzeak, batzuetan luzeegiak egingo zaizkit.
Azala mehetzean nire ondoan ez bada inor, bakarrik banaiz, zer gertatuko zait?
Azala mehetzean, jendeak, gizarteak iada balio ez duen gauza bat bezala ikusiko ote nau?
Azala mehetzean nire bizitza luze eta oparoaren historia nire barruan geratuko ote da?
Azala mehetzean heriotza duin bat izango ote dut?
Zahartzea tabu bat den gizarte honetan...
Zimurrek balioa kentzen duten gizarte honetan...
Ez gara konturatzen nola sentitzen diren azala mehea dutenak...
Azala mehetzen zaigun arte.