Euskal Astea 2025

Alprojaren kezka tokiko euskarazko komunikabideen inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Alproja antzerki taldea 2025eko irailaren 12a

Alproja taldearen 'Dena erosterik ez' antzezlana, Munoan. (Mireia Galarza Bastida)

Alproja antzerki taldeak kezka agertu nahi izan du une honetan Gukak bizi duen egoeragatik. Izan ere, Zarauzko Udalak diru partida murriztu zion tokiko hedabideari, eta ondorioz, ezin ditu lehen bezainbeste emanaldi grabatu.

Urtero bezala, Alproja antzerki taldeak Euskal Jai eguneko emanaldia burutu zuen joan zen asteartean. Urteroko jendetza izan zen emanaldia zuzenean ikusten. Alabaina, aurreko urteetan ez bezala, Guka komunikabideko kamararik ez zen aritu emanaldia osorik grabatzen eta, ondorioz, antzezlana ez da ikusgai izango Guka telebistan.

Gertaerarekin harrituta, Gukako kideekin jarri ginen harremanetan. Haiek azaldu ziguten Zarauzko Udalak komunikabide horren diru partida murriztu egin zuela, eta ezin dituztela lehen bezainbeste emanaldi grabatu eta horiek ematera iritsi, daukaten aurrekontuarekin.

Albisteak zapore gazia utzi digu. Pena handia dugu gure hemerotekan hutsune hori izango dugulako aurten. Baina horren gainetik, tokiko euskarazko komunikabideak hauspotu egin behar direla iruditzen zaigu, ez bakarrik kazetaritza eta komunikazio eredu horretan sinesten dugulako, baizik eta herriko eragile ugariren erakusleiho direlako, tokiko komunikabiderik ezean existitzen ez den erakusleihoa.

Beraz, gure kezka adierazi nahi dugu une honetan Gukak bizi duen egoeragatik, eta egoera hobetzeko eskumena izan dezakeen edonori tokiko euskarazko komunikabideak behar den neurrian sustatzeko deia egiten diogu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide