Supermerkatu handien eta kontsumoaren gizartean bizi gara. Zarautzen ere, gero eta gehiago. Baina dena ez dago erosterik. Eta hori erakusten saiatuko da Alproja antzerki taldea izen hori izango duen 2025eko Euskal Jai eguneko antzezlanean. Supermerkatuak bezeroak erakartzeko erabiltzen dituzten trikimailuak aletuko dituzte, urteroko kritika eta umorea presente direla.
Antzezlan bizi-bizia eta aktuala dela aurreratu dute eta, bezperako gauerako eguraldi nahasia iragarrita badago ere, eguerdirako eguzkia aterako den uste osoarekin, Munoan taularatuko dutela. 11:45etan abiatuko dute kalejira San Inazio kaletik, Kale Nagusian, Torre Luzea parkean eta Nafarroa kalean zehar. Antzezlana 12:00etan izango da. Aurten aurreko urtetan baino aktore gutxiago izan da taldean eta bereziki egiten die herritarrei deia antzezlana ikustera eta aktoreak hauspotzera etor daitezen.