Zarauzko Euskal Jai Eguna 2024

Misterioz beteko du aurten Munoa Alprojak

Alproja taldeak iaz taularatutako antzezlana. (Onintza Lete Arrieta)

Euskal Jaiaren 100. urteurreneko ospakizunen barruan, ohiko kutsuko emanaldia taularatuko du Alprojak irailaren 9an, 12:00etan: Ehun urte zain obra, hain zuzen ere.

Euskal Jaiaren 100. urteurrena ospatuko da aurten, irailaren 9an. Tradizioaren parte da Alprojaren urteroko antzerkia ere. Baina egunean bertan nahiz Euskal Astean 100. urteurrenaren ospakizunarekin lotutako bestelako ekitaldi sinbolikoak egongo direnez, Alprojak ohiko estiloko emanaldia taularatuko du eguerdian, 12:00etan, Munoan. Emanaldiaren aurreko kalejira ere ohikoa izatea aurreikusten du Alprojak: 11:45ean San Inazio kaletik abiatuko dira, eta Kale Nagusia, Torre Luzea parkea eta Bixkonde kalea zeharkatuko dituzte.

Aurtengo antzezlanak, dena den, kontuan izango du Euskal Jaia lehenengoz ospatu zen 1924ko aldi hura. Izan ere, urte hartan gertatutako misterio bati egingo dio erreferentzia Ehun urte zain izeneko obrak. Misterio hori argitzen mota guztietako pertsonaia bitxiek parte hartuko dute, eta, aspaldi ez bezala, publikoak ere bere papera izango du ikuskizunean.

Iazko emanaldian zehar sekulako beroa egin zuen, eta bertan iraun zuten ikusleen jarrera eskertu nahi du Alprojak. Hori horrela, aurtengo obra "laburragoa, dinamikoagoa eta umoretsuagoa" izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. Azken urteetako zenbakiak errepikatuz, 47 partaide daude aurtengo obraren atzean, eta horietatik 40 inguru igoko dira oholtzara.

Alproja taldeak 2028an ospatuko du 50. urteurrena, eta hori dela eta erabaki du aurtengo antzezlana ohiko formatuan egitea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide