Aurtengoan galtzagorriek Zarauzko hainbat pertsona egoistari lezio bat ematea erabaki dute eta kruzero batera eraman dituzte. Itsasontziko gorabehera dibertigarriek eta ohiko kritika umoretsuek ostegunean bertaratutako jendearen irriak eragin zituzten.
Hiru hilabeteko lanaren ondoren, jada Euskal Jaietako emanaldi nagusiari begira daude Alprojakoak. Eguraldia lagun izango dutelarik, 11:45etan abiatuko dira San Inazio kaletik aurtengo antzezlanean oholtzara igoko diren 39 aktoreak. Kaleetan zehar ibili ostean, 12:00etan emango diote hasiera emanaldiari Munoan.
Alprojakoek era berean bere esker ona adierazi nahi diete Kultura Sailari eta obra prestatzen lagundu duten margolari eta koreografoei, baita lau urteren ondoren oholtzan izango ez den haur taldeari ere, aurreko urteetan partekatutako esperientzia bikainarengatik.