Euskal Astea 2017

Alprojak prest du larunbaterako antzezlana

Azken ukituak ematen ari dira Alproja antzerki taldeko kideak Euskal Jai Eguneko emanaldiari. Aste honetan, ostegunera bitarte, egunero dabiltza iluntzeko 21:00etan beren lokalean entseguak egiten. Aurtengorako prestatutako obrari Galtzanblea izenburua jarri diote, eta berezia izango da, Alprojak egingo duen 40. antzekia baita.

Ohiko moldeetatik pixka bat aldenduz, urteroko umorezko kritika zertxobait murriztu eta inpaktu bisualaren bila irten dira aurten, publikoa "txunditzeko" asmoarekin. Kolorez jositako antzezlan honetan, 40 urte hauetan lehenengoz, Euskal Herriko hainbat txokotako euskalkiak erabiliko dituzte.

Ikuskizunaz gozatu nahi duenak ohiko lekuan eta orduan izango du aukera: irailaren 9an, 11:45ean abiatuko da aktoreen kalejira San Inazio kaletik, Kale Nagusian eta Nafarroa kalean barrena. Antzezlana 12:00etan izango da Munoa plazan.

Azken urteetako partehartzaile kopururik handiena izango du aurtengoak ere, 55 aktore heldu eta 25 haurrekin, 80ko langara iritsi baita aurten Zarauzko borondatezko antzerki taldea. Bada zerbait 40. antzezlana ospatzeko! Ez ezazue galdu!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide