Gaizki egindako lana

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Sarobe Egiguren 2026ko uztailaren 16a

Lemoizko zentral nuklearra. (Eguzki talde ekologista)

Aitziber Sarobek Guka egunkariko Puntuka atalerako idatzitako artikulua da honako hau.

Normalean, halakoa konpontzeak egindakoa baino lan gehiago eskatzen du eta horregatik esan zuen arotzak, behin mozteko bi aldiz neurtu behar dela.

Denak ez dira iritzi berekoak, antza, eta horren adibidea da ondorengo iritzi artikulua: Dos premisas para una transición innegociable (Bi premisa negoziaezina den trantsizio baterako) (2016ko uztailaren 13ko Gara-ren editoriala).

Hedabide horrek egun bereko zenbakian UEUko ikastaro baten harira –Energia berriztagarriak eta lurraldea: eztabaidatik irtenbiderako aukerak, uztailaren 7an Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean eskainitakoa– egindako erreportajea dago iritzi artikuluaren oinarrian. Ikastaro horretan izan ginenok gai honen inguruko ekarpenak entzuteko abagunea izan genuen. Paisaia, lurralde antolaketa, energia berriztagarrien sorkuntzarako izapidetzea eta biodibertsitatea izan ziren mintzagai, klima aldaketaren larritasuna erdigunera ekarrita; deskarbonizazioaren beharrak energia berriztagarrien sorkuntzarako eragiten duen urgentzia, hain zuzen. 

Goizean zehar eskainitako hitzaldietan, bada xehe-xehe ezagutzea mereziko lukeen adibiderik: Kataluniako Priorat eskualdean energia berriztagarriak sortzeko egindako ahalegina, hain zuzen. Sergi Saladié Rovira y Virgil unibertsitateko ikerlariak eta Trantsizio Energetikoko Priorat eskualdeko office teknikariak eskualde horretan energia trantsizioaren bidean egiten ari diren lana erakutsi zuen. Haren hitzetan, Kataluniako Erkidego Autonomoaren planifikazioa ez da egokitzen tokian tokiko beharretara, ez du kontuan hartzen eskala handiko sorkuntzarako  azpiegiturak instalatzeko lurraldearen harrera gaitasuna eta, ondorioz, ez da bidezkoa herritarrentzat. Saladiéren ustez, zentralizatutako energia sistemak ez du aukerarik ematen tokiko energia beharrei erantzuteko, eta horrek "zigortutako eremuak" sortzen ditu lurraldean. Deszentralizatutako eredu baten alde eta tokian tokiko energia sorkuntza eskalatuaren beharraz hitz egin zuen hizlariak.

Hauxe da ekologismotik lurraren defentsan ari garen elkarteok gure lurralderako eskatzen ari garen eredua: deszentralizatua eta lurraldearen harrera gaitasunaren arabera eskalatutakoa.

Aipatutako hedabidean ikastaroari buruz idatzitako Berriztagarriak aztergai UEUko udako ikastaroetan artikuluak sakon jasotzen du hizlarien ekarpena. Baina, editorialera ekarritako artikuluak bi premisetan sintetizatzen du auzia: "lehena, energia berriztagarriak eskala ezberdinean, baita handian ere, beharrezkoak dira erregai fosilekiko menpekotasuna txikitzeko"; eta bigarrena, energia berriztagarrien hedapena eraginkorragoa izango da zenbat eta handiagoa izan herritarren parte hartzea energia berriztagarrien hedapenerako erabakietan zein ingurumen onura eta onura ekonomikoetan. 

Premisa horietan ez da auzitan jartzen Espainiako energia sistemaren zentralizazioa, ezta egun erabiltzen ari diren teknologiaren izaera eta eraginak ere. Horrelako azpiegiturak landa eremuan eraikitzeko planteatu den izapidetze prozedurari buruzko aipamenik ez dago iritzi artikuluan, ezta biodibertsitatearekiko eraginei edota lurzoruaren erabileraren araudia bihurritzeko baliatu diren trikimailuei buruzkorik ere, nahiz eta aipatutako ikastaroko hizlariek argi azaldu zituzten horiek. Deitoratzen dena Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala oraindik onartu ez izana da, eta Gasteizko parlamentuan gehiengo osoak 2024an onartutako Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketaren Kontrako Legea garatu ez izana. 

Nola aldatzen diren gauzak, kamarada! Herri eragileok gogor kritikatu ditugun lege horiek garatu ez izana da editorialean adierazten den mina. Hitzez hitz jasotzen da: "Maximalismorik gabe, kontuan izanik batzuetan hobe dela gauzak gaizki egitea ez egitea baino, ez da galdu behar energia trantsizioaren bidez energia instalazioen garapen eta jabetza formula berriak probatzeko anbizioa".

Eskerrak hedabide horren aitzindariaren arduradunak ez ziren iritzi berekoak Lemoizen zentral nuklearra egitea proposatu zutenean!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide