Puntuka

Merkataritza guneak, sukaldaritza eta ekologismo pirata

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Sarobe Egiguren 2026ko maiatzaren 21a

Errotaberriko industrialdea eraikitzeko lanak, 2024an. (Zarauzko Udala)

Aitziber Sarobek Guka egunkariko Puntuka atalerako idatzitako artikulua da honako hau.

Ez dut liburua irakurri, baina interesgarria dirudi, udako hondartza egunetarako aproposa: Ekologia pirata baten alde, Fatima Oussak marokoarrak idatzia eta Leire Mendiburu Garaiarrek itzulia. Tesi nagusia da Europak proiektu ekologista behar duela "politika itogarriei aurre egiteko". Nonbait, horretarako hainbat gidalerro proposatzen ditu, baina oinarrian badago eztabaidagarria den argudio bat: egun Mendebaldeko herrietan ekologismoa eros ahalmen handia duten kontsumitzaileengan gorpuzten delarik, gehiengoarentzat baztertzailea dela. Argudio hori tranpatia da eta hori erakutsi nahi da izenburuko hiru elementuak harilkatuz. 

Beita Mercadonak bota du berriki, eta nik irentsi: bere supermerkatuetatik arrain saltokiak kendu, eta arrainak ontziratuta salduko omen ditu hemendik aurrera. Erosleen mesedetarako egingo omen dute, haien eskaerei hobeto erantzuteko.

Izan liteke, baina horren ondorioak ikusteko ez da asko bidaiatu behar Europan zehar. Iparralderago dauzkagun edozein herritan gertatutakoa behatu besterik ez dago: lehendabizi, hirigintza plan orokorren bidez saltoki handientzat lurzoruak eta eraikuntza arauak bideratu, saltoki txikiei leku eginda eta kanpo gelditzen direnei kalterik ez eragiteko promesarekin; ondoren, saltoki horietara joateko erraztasun guztiak jarri ostean, barruko okindegi, arrandegi eta harategiak itxi, horiek plastiko bildukinekin ontziratutako janariz ordezkatzeko. Ordainetan, herrietako denda txikiekin 'parke tematikoak', herri-hirien alde zaharretan.

Bilakaera horrek erosteko moduetan baino ez duela eragiten usteko du bateren batek. Baina, doala herri horietako supermerkatuetara arraina edo haragia erostera eta ea izena jartzeko gai den plastikoz bildutako arrainari edo haragiari! Guztiz desitxuratutako eta zatitutako arrain eta haragi puskei begira, etiketetan galdu beharko du bista.

Hortxe, jateko zer erosi asmatu ezin horretan, hasten da sukaldaritzaren gainbehera. Salgai ditugun jakien jatorria ezagutzen ez dugunean, garaian garaiko barazki eta arrainak erosteko sena galtzen dugunean, haragia eta aberea batera ikusteari uzten diogunean, sukaldaritzak zentzua galtzen du. Zergatik ahalegindu etxean jaki freskoak prestatzen, dagoeneko erdi prestatuta saltzen edota mezu baten bidez ateraino ekartzen dizkigutenean, kasik norberak prestatuta baino merkeago? 

Iparraldeko herrietan azkar gertatu den prozesu horrek ez du atzera biderik. Behin sasoiko produktuen ezagutza galduta, saltoki handien eskaintzaren morroi bihurtzen dira erosleak. Supermerkatuen eskaintzetara egokitzea da normalena, merkeen eskaintzen dituzten jakiak erostea, haiei errentagarrien ateratzen zaien moduan: prestatuta, etxean berotuta jateko; edo erdi prestatuta, aparte erositako saltsa eta gozagarriekin laguntzeko. Akabo sukaldaritza (eta sukaldeak...), kontzientzia ekologikoa ez dutenentzat; kontzientzia hori dutenak baitira sasoian sasoiko elikagai ekologikoak saltzen dituzten saltokietara joateko ohitura mantenduko dutenak, baldin eta horretarako eros ahalmena mantentzen badute, noski. 

Honez gero, baten bati otuko zitzaion galdera: eta zer du esateko horrek, etengabe saltoki horietako baten aldeko propaganda egiten ari den bere herriko sukaldariari buruz? Erantzunak beste herritar batengana narama: Industria sailburuarengana. Berriki hedabide bati eskainitako elkarrizketan esan duenez, "industriako lanpostuak nahi dituzte gure seme-alabek, ez pintxo poteokoak". Galdetu beharko litzaioke zer pentsatzen duen bere herrian lurzoru industrialak zerbitzuetarako lurzoru izateko birkalifikatu izanaz, aurreko agintaldian horixe egin baitzuen berak ordezkatzen duen EAJ alderdiak, dagoeneko eraiki duten merkataritza gunea  eraikitzeko. Gaitasunei eta ezagutzei dagokienez, supermerkatu horietako lanpostuak zertan dira pintxo poteokoenak baino hobeak? Hormigoiz betetzeari uzten diotenean, pintxo poteoko eta supermerkatuetako lanpostuetatik haratago, zein beste lanpostutarako prestatu dute Zarautz?

Baina, Zarautz gora-behera, auzi honetan benetan kezkatzekoa ez da sukaldaritzaren eta merkataritza guneen arteko haria, ezta hori guztia industriaren argitan ez aztertzea ere, haria lehen sektorera ez luzatzea baizik. Super/hiper/ultra merkatuak arrantza, nekazaritza eta abeltzaintza industrialarekin lotuta daude, globalizatutako merkatuekin. Dakigunez, jatorri fosileko erregaiek eta haiei lotutako baliabideek ahalbidetu dituzte horiek; bereziki, plastikoak. Baina eredu horrek egun bizi dugun krisi ekologiko globalera ekarri gaitu: klima aldaketara, esaterako. Bada, izenburura bueltatuz, ekologismo pirataren eragina hutsala da sukaldaritzarako sena galdutako gizartean merkataritza guneek duten eraginarekin alderatuz. Saltoki txikietan garaian garaiko eta bertako produktuak erosten dituzten erosle guztiak dira piratak, egunero merkataritza guneak abordatzen ari direnak, eros ahalmen handia izan edo ez. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide