Pagoetako eguna

Pagoeta Natur Parkea. (Artxiboa)

Aitziber Sarobek Guka egunkariko Puntuka atalean idatzitako artikulua da honako hau.

Pasa berri da, ohi bezala, ekaineko lehen igandean. Zarauzko Pagoeta mendizale elkarteak antolatzen du eguna gurutze ondoko bordan, eta aurten ere ez dute hutsik egin. Aitzakia polita gaiari heltzeko.

Pagoeta Aia da, esango dizu non dagoen galdetzen diozunak. Pagoeta diputazioarena da, esango dizu hango baliabide naturalak beretzat nahi dituenak. Baina ez bata eta ez bestea, ez dira guztiz zuzenak. Pagoeta Aizarnazabal, Zestoa eta Zarautz ere bada. Ondorioz, ez da diputazioarena bakarrik, udal horiena ere bada. Azken finean, eremu publikoak direnez, guztionak, edo inorenak, nola ulertzen den...

Kontua da mendi muino horren bueltan zabaltzen dela Pagoetako parke naturala, eta parke natural guztietan bezala, aldundiak urtero Patronatuko bilerak deitzeko betekizuna daukala. Patronatu horietan biltzen dira aldundiko ordezkariak, Jaurlaritzakoak, babestutako eremuaren jabegoa duten udal ordezkariak (Aia, Zestoa eta Zarautz), natur kontserbazioaren alde egiten duten gizarte eragileak (Arkamurka natura elkartea), ehiztarien federazioaren ordezkariak, nekazarien ordezkariak eta erabiltzaileak (horien artean Pagoeta mendizale elkartea). Patronatuek ez dute erabaki eskumenik, aholku-batzordeak dira. Alegia, urtero, aldundiak zer egin edo baimendu duen azaltzen du horretarako gastatutako sosak justifikatuz.

Parke naturalaren helburu nagusia bertako ondare naturala eta biodibertsitatea zaindu eta berreskuratzea izanda, Patronatuak horren aldeko pedagogia-lana egiteko aukera bikaina eskaintzen du. Baina, noski, horretarako helburu horiek lehenetsi behar dira erabilera publikoarekiko, eta oraindino ez da horrelakorik ikusi ez Pagoetan, ez Aralarren, ez Aizkorri-Aratzen eta ezta Aiako Harrian ere.

Horregatik, aurten aldundiak parke naturaletako egunak antolatuko dituela plazaratu duenean, hautsak harrotu ditu gaiak ekologista eta naturzaleen artean. Izan ere, ez dute ulertu zer den ospatu nahi dena...

Pagoetakoa izango da lau parke naturalen egunetatik ospatuko den lehenengoa, ekainaren 8an, Iturrarangañan. Hauxe jartzen du egitarauaren berri ematen duen kartelean: "Gure natur eta kultur ondarearen arteko lotura banaezinaren erakusleiho paregabea da, kultur paisaia garbi-garbia. Izan ere, natura-parkeko gaurko paisaia lau giza jarduerek itxuratu dute nagusiki: abeltzaintzak, basolanak, burdingintzak eta nekazaritzak. Pagoetako gaurko ekosistemak, neurri handi batean, lau jardun horiek moldatutakoak dira, altxor preziatuenetarikoak diren mendiko larreak eta zelaiak lekuko –askok uste ez bezala– ez direlako berezkoak, betidanikoak, gizakiak sortutakoak baizik".

Azalpenak ez behin, bi eta hiru aldiz irakurtzea ere merezi du. Zer ospatu nahi da, Pagoetako parke naturalak biodibertsitatearentzat duen garrantzia edo nekazal jardueretarako historikoki eskaini dituen eta egun ere eskaintzen dituen aukerak? Ez da zaila ulertzen ekologisten eta naturazaleen kezka.

Larreak eta zelaiak interes komunitarioko habitatak dira. Gizakiak eta bere abereek moldatutako eremuak, nola ez, landa zabaleko paisaiaren parte izateagatik preziatuak, baina aspaldi utzi zioten altxor izateari: gero eta modu intentsiboagoan ustiatzen direlako parke naturaletan eta handik kanpo. Sega-belardiak ziren altxorrak, ez basolanetako makinek txikitu ostean, purinez blaitutako txilardi-otadiak. Garo-metak egiteko ere ematen ez dutenak.

Pagoetak larreak ditu, baina baita berez, gizakiaren interbentziorik gabe, hazten ari diren baso (gazte) ederrak ere. Pixkanaka heltzearen poderioz gero eta helduagoak, konplexuagoak eta anitzagoak egiten ari diren baso-eremu horiek dira basa bizitzaren bizitoki eta babesleku. Haien presentzia ospatzen dugu naturzaleok egunero, eta hori aldarrikatzen jarraituko dugu Patronatuetan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide