Ez bi pezetatan, alajaina! Metro karratuak merkatuan egiten duen prezioan, garestia da Euskal Herriko kostaldea. Hondartza gertu izateak duen balio erantsiak eragin du, nonbait, halako deskalabrua. Azkar eta asko eraikitzen ari dira herri horietan; nonbait, hirigintzaren negozioari ahalik eta etekinik handiena ateratzea komeni da klima aldaketaren ondorioz espero daitekeen itsas mailaren igoerak hondartzak irentsi aurretik.
Ezin baita beste modu batera azaldu azken urteotan kostaldeko herrietan gauzatzen ari den hirigintza-eredua. Etxekalte ari dira, kostaldeko herriek zuten (eta galdu duten) herri polit eta lasaien iruditeriaren baitan, bertakoen bizimodua kaltetu eta ezinezkoa egitearen ordainetan herriak hormigoiz, kautxuzko parkez eta autoz betetzen.
Zarautz hartu daiteke hirigintza-eredu masifikatu eta ero horren adibidetzat. Arkitektura-eskoletan erakusteko moduko eraldaketa bizi du herri horrek azken hamar urteetan. Ez etika eta ez estetika. Ez dago nondik heldu herri hau bizitzen ari den bilakaera: itsusia baino itsusiagoa bilakatzea barkatzekoa litzatekeen arren, bizigarritasuna metroka galtzea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula.
Guztiz kolapsatutako errepideekin, oinez eta bizikletaz ibiltzeko eragindako zailtasun nabariekin, klima aldaketaren ondorioz aurreikusita dagoen hondartzaren desagerpenari bizkar emanda ari dira (aberatsentzat) eraikitzen herria. Iragarkietan, bederen, ez dute gezurrik esaten: «Itsasoari begirako bistak» izango dituzte eraikitzen ari diren etxe berriek (iragarkietakoek, jakina). Gero eta bista hobeak, gainera, itsasoa hurbildu ahala.
Egun indarrean dagoen Zarauzko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak ez zituen kontuan hartu betearazleak diren uholdeei buruzko zuzentaraua eta berriagoa den klima aldaketaren aurreko estrategia. Itsasoak irentsi behar bagaitu, irentsi gaitzala. Hori guztia, baina, ulergarria ere izan zitekeen herritarren onbeharrez ari balira. Eta horixe da benetan kezkatzekoa dena.
Aurreko batean nahi gabe entzundako elkarrizketan, bata besteari ari zitzaion azaltzen nola bizi zen bistarik gabeko kale nahiko laiotzean, Zarautzen. Azalpen guztien bukaeran aitortu zion: «Baina hara, neska, lekurik txarrenean bizita ere ezin zara kexatu Zarautzen bizi bazara». Orduantxe piztu zuen nire arreta elkarrizketa hark. Gaur Zarautzek merezi du halako miramendurik?
Zarautz 25.000 biztanle izatera hurbiltzen ari den herri gero eta handiagoa da. Neurri hori kontuan izanda, hirigintzatik (Herri Lanak, Azpiegiturak eta Zerbitzuak sailetik) herritarrontzat diseinatzen eta bideratzen ari diren azpiegiturek eta baliabideek merezi dute hausnarketa sakonik.
Herriak ikuskizunak eskaintzeko dituen aukeretatik hasita, Gipuzkoako herri askok baino antzoki txikiagoa duela nabarmendu daiteke: biztanle erdiak dituzten herri askok baitute Modelo aretoa baino antzoki egokiagoa eta modernoagoa. Zenbaitek pentsa lezake zarauztarrek arte eszenikoekiko duten interes faltaren ondorioa dela hori. Baina ez, herritarrek onartu dute dagoeneko, denboraz oso aurretik pentsatu eta garaiz lortu beharko dituztela sarrerak Modelon zernahi ikusi nahi badute. Bestela, ez dute lekurik izango.
Bestelako arteak ere badira, eta horietan trebatzeko aukerak ere ezinbestekoak beharko lukete tamaina horretako herrian. Ebro Etxean kokatuta dago Artezaleak, esku-lanetan herritarrak trebatzeko aukerak eskaintzea helburu duen elkartea. Eraikina tente dago momentuz, udalak botatzeko erakutsi duen borondateari eutsi dio-eta herriak. Baina zer egin dute bertaratzen direnek halako egoera negargarrian dagoen eraikina merezi izateko?
Askoren kalteak guztien kontsolamendurako omen dira, eta horixe pentsatuko dute Villa Mundan musika egiten dutenek. Garai batean ederra izango zen palazio hori puskaka nola erortzen ari den ikusita, zertaz kexatuko dira ba Ebro Etxean. Doazela denak Sanz Eneara, hango erakusketez eta liburutegiaz gozatzera. Hori bai, liburutegian liburua hartu eta (ezein pintoreren zein eskultoreren artea bistan dagoen) erakustokian irakurtzeko izan beharko du, liburutegian ez da kabituko eta!
Liburutegi zaharrean naturaz eta mendizaletasunaz gozatzeko aukera ere badute zarauztarrek, eskailerak igotzeko zailtasunik ez badute, bederen. Marka da gero, udala bera izatea bere eraikinetan irisgarritasun baldintzak betetzen ez dituena. Aholkuak ditu salgai, baina ez ditu beretzat nahi. Gabezia hori bederen, kontuan izango al dute Santa Klara zertan bihurtu erabakitzeko herritarren parte-hartze prozesuan...
Eta, bestela, azken aukera inauguratu aurretik txikia egin zen kiroldegira hurbiltzea izan liteke. Bertan lekurik duten ikusteko nahi beste saiakera egin ahalko dituzte metro gutxira eraiki duten auzora etorriko diren milaka herritarrek. Etxeko zapatilak kendu gabe joan ahalko dira egoeraz galdetzera sarrerara, behin eta berriz. Izan ere, makinak libratu dituzten ikusteko joan-etorriak egitea kirola egiteko beste modu bat da, ezta?
Zertaz kexatu bada, Zarautzen! Ondutako ardoaren prezioan malekoian ordaindutako kafeaz gozatzeak ez du preziorik.