Haize errotak mendian

Irakurri hemen aste Urola Kostako HITZAn, aste honetako Puntuka atalean, Aitziber Sarobek idatzitako iritzi artikulua.

Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak berriki esana da: «Euskadik energia berriztagarrien sorrera bizkortu behar du, modalitate eta dimentsio guztietan. Munduan ez da antzeko kasurik egongo: parke eoliko bat hasieratik amaierara eraikitzeko tokiko gaitasun industrialak eta teknologikoak egonda ere, ez izatea parke gehiago funtzionamenduan». 

Esaldi gutxitan esana dago guztia. Tapia sailburua ez da energia berriztagarriez ari, energia berriztagarriak ekoizteko ereduaz baizik: ez ditu aerosorgailuak aipatu, baizik eta, parke eolikoak. Hortxe dago koxka, kasu honetan, arazoa, arazo erraldoia, gure mendien tamainakoa.  

Energia berriztagarria ekoizteko ezagutza eta ahalmena izatea berri ona da, berez. Pozgarria da aerosorgailuak ekoizteko teknologia hemen garatzeko aukera izatea. Berdin, eguzki panelak eta bestelako gailuak egitekoa. Baina teknologia hori non eta nola baliatu ondo hausnartu eta aztertu beharreko kontua da, ingurumen sailburuak aitortu ez arren, energia garbi bakarra ekoizten ez dena delako.

Azken hilabeteetan argiaren garestitzeak begi bistan utzi digu lehendik nabarmena zena: energia sistema ez dago pentsatuta herritarron betebeharrei erantzuteko, ezta ingurumenarekiko errespetuzkoa den garapen eredua bermatzeko ere. Egun, energia sistemaren helburu nagusia energia ekoizteko teknologia ezberdinen eskumena duten enpresak aberastea da. 

Erregai fosilen erreketak klima aldaketan duen eraginaren aitzakiapean, deskarbonizazioarekin itsutu nahi gaituzte gure agintariek. Elektrifikazioa helburu jarrita, energia sistemarekiko eztabaida saihestu nahi dute, sistema horren irabazi ekonomiko lotsagarriak ontzat emanez. Ate birakarien eta bestelako entxufe interesatuen kalanbreak ez baitzaizkie iristen diruaren txintxinak alaitutako poltsikoetara, antza.

Energia sistemaren aldaketa oinarritik eragin behar da: energia kontsumoa gutxitzetik, hain zuzen. Horretarako bidea egitetik hasi beharko lukete gure agintariek, sineskorra egin nahi badute beren aldarria. Energia aurreztea ez da efizientzia kontua bakarrik. Teknologia ekoizteko gaitasuna badugu, beti izan dugu, baina hori ez da nahikoa lehengairik ez duen herrian, ez dagokigun energia kontsumoaz baliatzen bagara, horretarako ekoizten dugun teknologiaren ondorio ekologikoak eta sozialak beste herrialdeek pairatzen dituztelako. Izan baliagai naturalak ‘lapurtzen’ dizkiegulako, edota behin ekoiztuta, sortutako hondakinak haiengana ere bideraltzen ditugulako, gure kontsumoaren ondorioak planeta osora zabaltzen ditugu. 

Lehen pausoa energia aurreztea izanda, dudarik gabe, trantsizio energetikoa da hurrengo zeregina. Energia fosilak ordezkatu beharrean gaude. Baina, energia berriztagarriak sortzeko, energia eta bestelako baliagaiak behar dira, eta behin ekoiztuta, garraiatzeko eta kontsumitzerakoan ere, energia eta baliagai gehiago xahutzen ditugu: besteak beste, berriztagarria ez den lurzorua.

Alegia, energia kontsumitzen den lekutik,zenbat eta urrutiago ekoiztu, orduan eta baliagai eta energia gehiago xahutzen dugu. Behar den lekuan ekoitzi behar da energia, azpiegitura handiak saihestuta.
Teknologiaren demokratizazioa, baina, ez dago Tapia sailburuaren egitasmoetan. Enpresei animaleko irabaziak ematen dizkien eredua mantendu nahi da, iskin eginda ingurumenean eta gizartean dituen eraginei, klima larrialdi egoerari eta bioaniztasunaren galera onartezinari nahiz bestelako abisuak arbuiatuta. Zenbatzen ez dituzten hegaztien, saguzarren eta bestelako bizidunen eta ehunka hektarea lurzoruren galerak albo kalteak dira azpiegitura erraldoi horien defendatzaileentzat.

Eguzki panelen azpiegiturak nekazaritza lurretan egiteko egitasmoak zabaltzen ari dira Urola bailaran. Hori ez da bidea. Lehendik urbanizatutako eremuetan (teilatuetan, utzitako industrialdeetan…) badago nahikoa leku. Energia berriztagarrien proiektuak industrialak dira, eta industria lurrak edota hiri lurrak dira horiek garatzeko eremuak. Nekazaritza lurrak, lur emankorrak, gero eta urriagoak dira eta mimoz zaindu beharrekoak.

Bukatzeko, energia kontuen bueltan ohikoak izaten dira amesgaiztoak, eta biziberritu digute bat. Azpeitia-Errezil-Zestoako mugetan haize erroten parkea egiteko egitasmoaren oihartzuna iritsi zaigu Madrildik.

Duela hamarkada gutxi, Gazumeko haize erroten parkea atzera botatzea lortu genuenean, argi adierazi genuen gure kontrako iritzia: alegia, mendien industrializazioa ez dela aterabidea. Hala ere, Tapia sailburuaren danborraren gerra hotsak gero eta ozenagoak dira.  Presta gaitezen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide