Eguna luzatu da, udaberrian gauden seinale. Iaz etxeetan konfinatuta geundela harrapatu gintuen udaberriak. Egoera berezia izan zen, pantaila aurrean egoteaz gogaitua, leihoetatik eta balkoietatik begira orduak pasatu genituen. Inoiz baino arreta gehiago jarri genien goizero kantuan entzuten genituen txoriei, pasean ikusten genituen hegaztiei edota etxe ondoko lorategietan ohikoak beharko luketen baina ia inoiz ikusten ez ditugun loreei. Polita izan zen irakurtzea, esaterako, gazteak euren amonei loreen izenak galdetzen hasiak zirela, ezjakintasunak lotsatuta.
Hainbesterainokoa da, izan ere, inguruan ditugun bizidunekiko daukagun itsukeria. Euskal esaera zahar batek dio: «Izena badu, bada»; beraz, izenik ez duena ez da? Izenik jartzeko gai ez garen, baina ikusi, ikusten ditugun bizidun horiek, ez dira? Ez da oraingoxekoa kontua. Etekinik ateratzen ez zaionari begira egon zale ez gara, nonbait, euskaldunak.
Abereak ondo ezagutzen ditugu, ehizatzen edo arrantzatzen ditugun animaliak ere hainbestean. Egurretarako erabiltzen ditugun zuhaitzak han nonbait, eta fruitu goxoak ematen dizkiguten landareak ere izenez deitzen ditugu, arantzadunak izanagatik. Hurbiltzen zaizkigun txoriak edota putzutan entzuten ditugun igelak ere seinalatzen ditugu. Hortik aurrera, izen orokorrak jartzearekin nahikoa dugu (pizti ez bada, bitxo, zomorro, belar...).
Bizitza erdigunean jarri nahi omen den honetan, orain baino lehen hasiak beharko genuke bizitzaren forma ezberdinak izendatzeko galerari erremedioa jartzen; eskolan ez ezik, etxean ere bai. Baina, horretarako, erakutsi behar duenak ikasi behar du, eta ez dirudi borondate gehiegi dugunik. Errazagoa zaigu, inondik ere, izen eta guzti saltzen dizkiguten horiek erostea.
Arraroa da gure jokabidea: etxearen bueltan ditugun belardiak zapaldu ere ezin ditugu egin, horretarako propio prestatuko haziak botata sortutakoak badira ere. Txakur gorotzak direla, loreak landatu dituztela, belarra kaltetzen dela... Hamaika aitzakia golfeko green-ak bezala mantentzeko jolaserako behako luketen lorategiak. Sarri-sarri ikusiko ditugu lorezainak belarra mozten, dirudienez, belarra haztean itsusitu egiten direlako. Belarra hazi eta loreak agertu ahala, abandonatu itxura hartzen omen dute belardiek; berde kolorea galtzean gu geu berdetzen gara, itxuraz. Ez dut azterketa zientifikorik egin, eta ez dakit nondik datorren belardiak horrela kudeatzeko obsesio hori. Inork esan izan dit lorezainek euren soldatak justifikatu behar dituztela. Niregatik bada, egin dezatela lan gutxiago. Are gehiago, udaberrian lanik ez balute egingo ere, berdin ordainduko nituzke zergak: arrantzaleen «paro biologikoaren» modukoa litzateke. Gera daitezela etxean, udan sartu arte.
Bide bazterren eta herrietako parkeen zaintzak ere merezi du hitz-asperturen bat. Urterokoa izan ohi da zuhaitzen inausketak eragiten duen kalapita; baina aurten, inoiz baino ozenago iritsi zait belarrira gaixo horiei emandako tratuak eragin duen harrabotsa. Enpresa berriak kontratatuak izango dituzte, edota prozedura berriak onartuta, nork daki. Bat edo beste, herritarrak aztoratu dira zuhaitz koitaduak, Ondarroan [Bizkaia] esaten duten «luzelektikopalu» gisa ikustean. Ez dago horretarako beharrik. Halakoak egin baino, hobe aurretik zer landatu ondo pentsatzea. Horretan dabiltzanek neurriko zuhaitz-zuhaixkak landatzean jarri beharko lukete arreta, urteroko kimaketa basati horiek egin beharrik ez izateko.
Lagun batek sarritan gogorarazten digu tximino neurotikoak garela. Ez du arrazoirik falta. Udaberrian sartu ahala, jendez betetzen dira azoka eta loradenda guztiak, gero eta arraroagoak diren landare bila. Maite dugu etxeko bazterrak lorez apaintzea. Ni bekatari! Gustuko baitut haiek zaintzen denbora pasatzea.
Baina etxekoak beste edo gehiago maite ditut etxetik kanpokoak, eta horrexegatik, artikulutxo hau irakurtzen ari den lorezainik balego, herriko lorategietako eta bide bazterretako zuhaitzenganako errukia eskatu nahi nioke. Utzi bizitzari hazten, nahasten, loratzen. Anabasa horretan dago aberastasuna, bioaniztasuna. «Zikinak», landareez nahasiak, nahi ditut errotondak, lorategiak, bide bazterrak: usain eta kolore guztietako lorez jantziak, haiengana datozen modu eta tamaina ezberdineko intsektuekin eta azken horien gose diren gainerako bizidunekin. Utzi belarra mozteari, arren, loreak atera aurretik.
Jar dezagun arreta bertakoak ditugun bizidunak eta landareak hobeto ezagutzen, izendatzen, zaintzen. Arrotzak bertakotzeak ondorioak izaten ditu, sarritan, gutxien espero dugun lekuan hazten baitira, kontrolik gabe; eta halakoetan, diru asko ordaindu behar izaten dugu «landare/espezie arrotz inbaditzaileak» kontrolatzeko kanpainetan. Bertan eta bertakoekin, badugu zertaz gozatu.