Aldundiak hedabideetara bidalitako informazioak arreta merezi du, nahasgarria baita benetan.
Datuetan zuhaitz-espezieak aipatzen dira: gehientsuenek pinu bezala ezagutzen diren
koniferoak, guztiak monolaborantza intentsibora bideratuak. Hosto erorkorrekoak ere aipatzen
dira, eztabaida bizia eragin duen eukaliptoa, aspalditik egurretarako landatzen den haritz
gorria eta bertakoak diren artea, bertako haritza eta pagoa. Azken hauek egurretarako
landatzen dira, baina, berez ere hazten dira eta horrelakoetan basoak sortzen dituzte: artadi,
harizti mistoak (zuhaitz ezberdinez osatuak) eta pagadiak.
Zer dira, bada, abandonatutako basoak? Landatuak izan ez diren zuhaitz-masak? Erre berri den
Aiako Harrian dagoen Endarako harizti-amezti ederra, Pagoetako baso mistoak, Aizkorriko
pagadiak edo Arnoko artadiak ote dira abandonatutako basoak? Ez, noski. “Abandonatutako
basoak”, zuhaitz-landaketak moztu eta gero, berriro landatu ez diren basoak dira. Alegia, berez
etortzen ari diren basoak, naturalizatzen ari direnak.
Jabe guztiek ez, ziurrenik, baina, hainbatek propio erabaki dute landaketak zirenak baso
bihurtzea. Izan ere, gure paisaian arruntak beharko luketen basorik ez dugu, apenas. Urriak
izateaz gain, gainera, Jaurlaritzak aldian-aldian egiten dituen txostenek, baso horiek egoera
ekologiko txarrean edo oso txarrean daudela erakusten dute. Kontuan izanda, hein handi
batean, horrek baldintzatzen duela gure bioaniztasuna, baso horien egoera ekologikoa hobetu
eta baso-eremu zabalagoak berreskuratzea presazko kontua da.
Egurra ez da basoak eskaintzen digun aberastasun bakarra; aitzitik, oso zalantzazkoa da, egun
basoek eskaintzen dizkiguten ekosistema-zerbitzuen artean, egurraren interes publikoa.
Esaterako, erreken iturburuetako basoek baldintzatzen dute iturrietara ekartzen dugun uraren
kalitatea, baso horietatik perretxikoak eta bestelako jakiak eskuratzen ditugu, baso horiek
bizitoki eta bizibide dituzten bizidunek orekatzen dituzte gure osasunerako ezinbestekoak
diren prozesu ekologikoak, baso horietara hurbiltzen gara, aisialdian, arnasa hartzera ….
Aberastasun hau guztia eskaintzen digute egurrari uko eginez, hariztiak eta bestelako baso
naturalak berreskuratzen ari diren jabeek. Bada, zergatik deitzen dio Aldundiak, abandonua, osasuna eta bioaniztasuna berreskuratzeko aukerari? Administrazioek edo lur-jabe pribatuek zuhaitz-landaketak egiteari uzten badiete, egurgintza-enpresen negozio-eredua zalantzan jarri daitekeelako. Enpresa hauek
monolaborantza intentsibora egokitu dira, azkar hazten diren zuhaitzak behar dituzte mendi-
pistetatik bideratutako makina astunekin zuhaitzak kolpera bota eta egurra saldoka
garraiatzeko. Ez diote begiratzen ingurumen-kalteari.
Administrazioen betebeharra da ondare publikoaren defentsa, bioaniztasunaren eta natur
ondarearen zaintza. Baina, guztion zoritxarrerako, egurgintza-enpresen interesak lehenesten
dituzte. EAJ-PNV alderdi politikoa alderdi abertzale gisa aurkezten da. Gure hizkuntza, kultura
eta historia, elementu bereizgarri modura aurkezten ditu. Harrigarria da bereizgarri kulturalak
hainbeste azpimarratzen dituen alderdiak bereizgarri naturalekiko erakusten duen
mespretxua. “Gernikako arbola” abestia mundu osoan zabaldu duen alderdi berak, eukalipto
eta pinu artean ito ditu arbola horren senideak. Haritzaren hostoa identitate-ikur duen alderdi
politikoa da hariztiak berreskuratzeko prozesuari abandonua deitzen diona. Benetako
abandonua alderdi politiko honek bertako bioaniztasuna berreskuratzeko erakusten duen
utzikeria da. Hori bai, abandonua.
Bertako espeziek osatutako landaketak modu jasangarrian ustiatzeko eta basoak berreskuratzeko basogintza-eredu baten alde egin beharrean, sekulako ingurumen-eragina duten espezie arrotzen monolaborantza sustatzen du Aldundiak. Apustua argia da, baina badirudi ez dela saltzen erraza, etengabekoa baita hitzak eta esanahiak nahasteko ahalegina: landaketak basoekin parekatuz, naturalizazio-prozesuari abandonua deituz, ekosistema-prozesuak klima-aldaketaren eta karbono zurgaketarekin estaliz …. Aldundiak herritarren ezjakintasuna baliatzen du diskurtso interesatuak eta nahasgarriak eraikitzeko. Ez da jokabide jatorra.
Garaia da interes publikoaren alde, egur ekoizpenari uko eginez berezko basoak
berreskuratzeko ahalegina egin duten baso-jabeak saritzeko eta egurgintza-eredu jasangarria
sustatzeko. Alda dezagun, behingoz, Gipuzkoako baso-politika. Hurrengo belaunaldiek
eskertuko digute.