Igandean Euskal Herriaren estatus politikoari buruzko herri galdeketak egingo dituzte 34 herritan. Bezperan, herri galdeketa horiei zein maiatzaren 7an Urola Kostan egingo denari babesa adierazteko, 'Erabaki Jaia' antolatu du Zarahitz herri ekimenak. Zehazki, egun osoan zehar hainbat ekitaldi izango da, adin guztietarako herritarrentzat.
Honakoa da egitaraua:
· 12:00etan, Lege Zaharren Enparantzatik abiatuta, kantujira berezia, herriko abesbatzekin, trikitilariekin eta txistulariekin.
· 14:30ean, Merkatu Plazan, herri bazkaria.
· Bazkalostean, arratsaldean, kalejira alai eta herrikoia kaleetan barrena.
· Gauean, 'Erabaki Fest!' ekimena, herriko hainbat tabernatan, eskaintza bereziekin.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, herri bazkarirako txartelak beranduenera ostiral eguerdirako erosi behar dira. Txartelak 12 euroan daude salgai, taberna hauetan: Eguzki, Txiki Polit, Bai Batzokia eta Arrano.
Skasti taldeak herri galdeketaren alde egindako abestia ere entzungai
Maiatzaren 7ko herri galdeketaren aldeko abestia ere ezagutaraziko du Zarahitzek asteburu honetan.
Andoni Egaña bertsolariaren hitzei jarri die musika Zarauzko Skasti taldeak. Martxoaren hasieran grabatu zuten, Zestoako Gaztain estudioan, eta larunbat honetan izango da entzungai, bai herri bazkarian eta baita gaueko Erabaki Festarekin bat egingo duten tabernetan ere.
Abestia ezagutarazteko bideoklipa, berriz, hurrengo egunotan aurkeztuko dute, hedabideen aurrean egingo den agerraldian.