Maiatzaren 7ko herri galdeketari babesa adierazteko zenbait ekimen antolatu ditu Zarahitzek asteburu honetarako, inauteriekin bat eginez. Batetik, sinadura bilketaren azken txanpan sartuta gaudenez, oraindik sinatu ez duten herritarrek horretarako aukera izango dute, herrian zehar jarriko diren mahaietan.
Bestetik, inauteriekin lotutako bi ekimen antolatu ditugu, herri galdeketari eta erabakitze eskubideari babesa adierazteko.
Hasteko, itsasoarekin lotutako mozorroak janzteko deia egiten dugu, denon artean olatu erraldoia sortzeko: surflariak, arrantzaleak, karramarroak, itsas lamiak, piratak, baleak, arraunlariak, hondartzako sorosleak... edozer izan daiteke. Itsas mundua handia da, sortu nahi dugun olatua ere bai! Mozorro zehatza aukeratzea, herritarren esku uzten dugu.
Behin mozorroa hautatuta, ondo pasatzeko ere bi deialdi ditugu larunbat honetarako:
· 12:15ean, herri galdeketaren aldeko kalejira Musika Plazatik.
· 13:30ean, argazki herrikoia, erabakitze eskubidearen alde, Musika Plazan bertan.
Sinadura bilketari azken hauspoa emateko, eta inauterietarako antolatu ditugun ekitaldietan parte hartzeko deia egiten diegu zarauztar guztiei!