Larrua izango da Literaturia jaialdiaren aurtengo gaia

Erabiltzailearen aurpegia Literaturia 2016ko mar. 21a, 13:09

Ekitaldiz bete-betea dator aurten ere maiatzaren 20ko asteburuan ospatuko den euskal letren azoka, Literaturia. "Larrua" gaitzat harturik, hainbat idazlek eta musikarik hartuko dute parte, eta emanaldiak ez ezik, azoka eta liburu-aurkezpenak ere izango dira, "Plazer hutsa" lelopean.

Miren Agur Meabek egingo du irekiera hitzaldia eta Eider Rodriguez eta Kirmen Uribe parez pare izango dira euren jardunari buruzko solasean, Goizalde Landabasok gidatuta. Harkaitz Canok Anne Sexton-en poematan oinarrituriko Ene maite kuttunak ekitaldia aurkeztuko du, Iban Urizar Amorante musikaria eta Ainara Gurrutxaga aktorearekin batera. Itu Bandakoak ere Zarauzko plaza horretan izango dira, eta Ruper Ordorikak kontzertu berezi eta intimoa eskainiko du. Xabier Paya Nork hil du Andoni Egaña? liburuan oinarrituriko ikuskizunaren estrainaldiarekin etorriko da, eta Zarauzko Modelo aretoan izango dira, era berean, Axiari eta Irazoki, Oier Guillan eta Metrokoadroka. Poesia azpititulatzeko tailerrak segida izango du aurten ere.

Iazko arrakastari eustea da Literaturia osatzen duen lan-talde sendotuaren asmorik garrantzitsuena eta Zarautz udaberriko euskarazko liburuen eskaparate bihurtzea. Hala, ekitaldi hauez gain, udaberrian argitaratzekoak diren liburuen aurkezpenak egingo dira Garoa liburu-dendan, eta liburu-azoka izango da Musika plazan.

Honen guztiaren berri emateko, laster eraberrituko dute Literaturiaren webgunea ere: literaturia.eus.

Bestalde, bidean da dagoeneko Literaturia 2016 sustatzeko bideoa, eta, apirilean, liburuaren egunaren aurretik egingo den prentsaurrekoan aurkeztuko dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide