Ezustekorako tarterik utzi gabe gailendu ziren, beste behin, denboraldi osoan zehar nagusitasunez irabazi duten bi taldeek. Arraun denboraldiko hitzordurik preziatuenean, Kontxako badian, aurkariak birrindu zituzten Arraun Lagunakek eta Urdaibaik. Lehenengo jardunaldian faboritoek lortutako errenta iraultzea ezinezko bihurtu zuen Itsasoaren eta eguraldiaren apaltasunak, eta pronostikoa ezinbestean bete zen.
Eskualdeko taldeek lan txukuna egin zuten, eta, orokorrean, zapore gozoarekin biribildu zuten Kontxako bigarren jardunaldia. Oriok, emakumezkoetan, segundo bat pasatxorengatik sailkapen nagusiko bigarren postua galdu zuen, ohorezko txandan laugarren helmugaratu ostean. Lehenengo kaleak mirotzen denboraldiko azken ahalegina zeharo baldintzatu zuen, eta garailetik hamabi segundora amaitu zuten estropada.
Gizonezkoetan, aldiz, Oriok denboraldiko bertsiorik lehiakorrena erakutsi zuen. Denboraldiaurreko helburuak gaindituta, maila eta gaitasun handiko ontzia dutela frogatu zuten beste behin San Nikolasekoek; laugarren egin zuten sailkapen nagusian, hirugarrenetik bi segundora besterik ez.
Getariak Oriotik bost segundora zeharkatu zuen helmuga, eta sailkapen nagusian seigarren postua erdietsi zuen.
Arraunaren festa handian ikuskizun bikaina eskaini zuten gure kirolariek.