Esperantza

Erabiltzailearen aurpegia Leire Arrojeria 2024ko abu. 27a, 10:30

Herritarrek harrera egin die arraunlariei. (Ihintza Elustondo - Andoni Elduaien)

Traineru denboraldia amaitu bitartean, astero arraun analisia eskainiko diete Gukari Leire Arrojeria eta Iñaki Aristi arraunlariek. Honakoa Arrojeriak idatzitakoa da.

Orion zortzi segundogatik ihes egindakoa Ondarroan erdietsi zuen Getariak. Unax Eizagirre sarritan igo da Hegaluze ontzira patroi onenaren elastikoa janztera, baina lehenengo aldia zen Eusko Label Ligako bandera bat astintzen zuela bertan, aurten eta Eusko Label Ligako historian orohar. Larunbatekoa lehen garaipena izan zen getariarrentzat goren mailan, Kontxaren atarian izan zezaketen pizgarririk handiena da hori.

2022ean, TKE ligan debuta egin zutenetik oso lehiakor aritu dira etxeko arraunlari gazteez osatutako eskifaiarekin. Esperantza ontzia bigarren txandako azkarrena izan da askotan, eta ohorezko txandan aritzeko txartela ere irabazi du hainbatetan. Aurten, bigarren txandan egonkortuta ibili diren arren, aurreikusitakoa baino apalago ibili dira Getariakoak, eta, pasa den asteburuan, distira osoa erakusteko aukera izan zuten Ondarroako itsaso apetatsuak lagunduta.

Haize bortitzak ohorezko txandakoen lana guztiz baldintzatu zuen eta, azken bi urteetan Ondarroan gertatu den bezala, trapua bigarren txandan geratu zen. Bi jardunaldi besterik ez dira geratzen liga bukatzeko, eta traineru guztiak Kontxari begira daude jada. Gizonezkoen sailkatze estropada asteazkenean izango da, eta bertan ikusiko ditugu eskualdeko ontziak euren bertsiorik onena erakutsi nahian. Ziur, sorpresaren bat edo beste emango digutela.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide