Enbata dator

Erabiltzailearen aurpegia Leire Arrojeria 2024ko abu. 12a, 13:00

Traineru denboraldia amaitu bitartean, astero arraun analisia eskainiko diete Gukari Leire Arrojeria eta Iñaki Aristi arraunlariek. Honakoa Arrojeriak idatzitakoa da.

Igandean, Orioko neskek bigarren postuarekin irauli zituzten larunbateko sentsazio txarrak. Sasoiko estropada exijenteena izan zen Pasaiako itsasadarrekoa, hiru luze eta bi ziabogako lana burutu baitzuten, haize zipitzik gabe eta berrogei gradura iristeko mehatxua egiten zuen termometroarekin. Mirotzek aise egin zieten aurre eremuak eta giroak jarritako erronkei, eta bi puntutara daude orain helburu duten sailkapen orokorreko bigarren postutik.

Bi jardunaldi besterik ez dira geratzen, XVI. Zarauzko Ikurriñari dagozkion bi estropadak, matematikoki Arraun Lagunakek irabazia duen Euskotren Liga amaitzeko.

ETE Ligak askoz ere mami gehiago eskaini digu asteburuan, uretan gertatutakoez gain, bulegoetan izan diren bestelako gorabeherengatik. Astillero taldea, momentuko liderra, jarri dute jomugan, ustez, ETE Ligako araudia urratzea egotzita. Kantabriarrek harrobikotzat jo baina horretarako baldintzak betetzen ez dituzten hainbat arraunlarik Astilleroko tostetan arraun egin izana salatu omen dute, horrela, kupoen araua hautsiz.

Salaketaren ebazpenak ondorio zuzenak izango lituzke sailkapenean bigarren eta hirugarren postuan dauden klubeengan: Zumaia eta Zarautz, hurrenez hurren. Lehenengoak liga irabaztea, eta, bigarrenak, Euskotren Ligara igotzeko playofferako txartela eskuratzea du jokoan.

Itsasotik nahiz lehorretik badator, berriz ere, enbata.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide