Harrapaezinak?

Erabiltzailearen aurpegia Leire Arrojeria 2024ko uzt. 16a, 11:00

Getariako trainerua. (Eusko Label)

Arraun denboraldia amaitu bitartean, astero arraun analisia eskainiko die Gukari Leire Arrojeria eta Iñaki Aristi eskualdeko arraunlariek. Honakoa Arrojeriak idatzitakoa da.

Seitik sei. Euskotren ligako estropada guztiak irabazi ditu Arraun Lagunak klubak denboraldi honetan. Xubane Uribarrenak, Lugañeneko hankekoak, ohartarazi ditu aurkariak: ligako estropada guztiak irabazteko helburua ezarri dute orain arte erakutsitako erabateko nagusitasunak hauspotuta. Ibaian nahiz itsaso zabalean, gainontzeko traineruak aise utzi dituzte atzean orain arteko jardunaldi guztietan. 

Gidoi bera errepikatu da gizonezkoen ligan pasa den asteburura arte. Urdaibairi, orain arteko garaile ukaezinari, banderak ihes egin zion Bilbon segundo ehunen gutxi batzuengatik. Garesti dago faboritoari aurrea hartzea, baina ezinezkorik ez da estatxa askatu eta helmuga zeharkatu arte. Zierbena izan da bermeotarren garaipen bolada hautsi duena, eta, emakumezkoetan, Arraun Lagunakena hautsiko duten hautagaiak badira ohorezko txandan: Orio, Tolosaldea eta Donostiarra. Liderrarengandik urruti samar ibili dira orain arteko norgehiagoketan; baina, pixkanaka, goranzko joera hartzen hasiak dira, eta, laster, bandera astintzeko adina maila emateko prest egon daitezke. Lan bikaina egiteaz gain, faboritoaren huts egiteren bat ere beharrezkoa izango dute horretarako. Beste hamar estropada izango dituzte sorpresa emateko. Hamar aukera, batzuen ekinez edota besteen ezinez, aurkari handiena harrapatzeko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide