Ene!

Munduari bira

Erabiltzailearen aurpegia Javier Aramendi

Javier Aramendik urriko Zarautz Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Grant Allenen narrazio labur bat honela hasten da: "Poltsikoan bi penny besterik ez nituela konturatu nintzen egunean, logikoa denez, munduari bira ematea erabaki nuen".

Pasarte hori lehen aldiz irakurtzen denean, paradoxa dela, kontraesana dagoela, da jasotzen dugun lehen inpresioa. Kontraesana diru mordoa eta denbora luzea behar delako munduari bira emateko, eta, normalean, oso aberatsek soilik egin ditzaketen bidaiatzat jotzen ditugulako horrelako asmoak.

Egia da, bestalde, badirela abenturazale bakan batzuk hori egin dutenak, eta oraindik ere halako esperientzien berri jakiten dugula, tarteka, komunikabideen bidez. Denetariko esperientziak daude: badira bira bizikletaz egin dutenak, badira motorrean ibili direnak, baita bira belaontziz gauzatu dutenak ere, besteak beste. Halakoetan bidaia egiteko, ahalik eta dirurik gutxiena xahutzen ahalegintzen badira ere, dirutxo bat behar da, egunero janaria edo logela edo garraioa edo gasolina ordaindu egin behar baita, betiere aukeratu den bidaiatzeko moduaren arabera. Eta denbora; zeren tamaina horretako abenturan hasten direnek, beharrezkoa denean, aldi baterako lan arruntak egin ohi dituzte, diru horrekin bidean aurrera egin ahal izateko.

Dena den, Grant Allenek dioenez, guztiz logikoa da horrelako erabaki bat hartzea. Protagonistak bezala, egoera horretan dagoenak ez du ezer galtzekorik, eta abentura da eskura duen aukera bakarra. Eta, egia esan, sosik gabe egotekotan, hobe da, beharbada, zure herriko kale kantoi hotz batean egon ordez, hegoaldeko uharte epel bateko hondartzan egotea.

Hortaz, kontu zaharra da hasiera bitxi samar horren azpian dagoena, zeren poltsikoan bi penny besterik ez edukitzea baita betidanik gizakia kanpora joatera eraman duena; ez da, beraz, kontu berria. Ez dut adibiderik hona ekarriko, horrelako hamaika kasu denok ezagutzen baititugu, eta oraindik ere horien berri jakiten baitugu komunikabideen bidez. Monetak moneta (bi penny, bi zentimo, bi dinar, bi peso...), egoera berbera da: lan bila herritik alde egin behar.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide