Ez dakit gehiegi esatea ote den, baina, nire iritziz, hondartza da aisialdi aukera demokratikoena. Umeak, nerabeak, gazteak, helduak eta zaharrak, denok daukagu hondartzaz gozatzeko aukera; baita ezgaitasunen bat dutenek ere. Eta onena hauxe da: sosik ordaindu gabe eta denok nahasian egoten garela. Barka nazatela mendizaleek, baina apur bat selektiboagoa izaten da mendia, nahiz eta edozeinek hartaz gozatzeko aukera izan.
Nahasian egoten garela aipatu dut, zeren bai hondarretan, bai uretan, elkarren ondoan egoten baikara umeak, helduak, gazteak eta zaharrak. Ez dago zatiketarik, eremu berezirik, banaketarik. Eta han egoten gara batzuk etzanda, beste batzuk paseatzen, edo bestela, palan jolasten edo baloiarekin futbolean.
Azken urteetan, ordea, hondartza ezdemokratizatzen ari da edo pribatizatzen. Hondarretan bereizketarik ez badago ere, uretara joaterakoan hasten dira bereizketak. Surf ikastaro bat ordaindu baduzu, eremu zabal bat izango duzu surfean aritzeko, urtetik urtera gero eta zabalagoa. Baina hondartza zale arrunta bazara, hondartzaren ohiko erabiltzailea, bainatzera joaten zarenean, zerrenda edo eremu estu batean egin beharko duzu, zauden lekutik urruti samar egoten den batean, askotan. Han denok pilatzen gara bainatzeko.
Ondo deritzot surflarientzat eta bainularientzat eremu bana bereizteari istripurik ez gertatzeko, eta gustuko dugun aktibitatea lasai egiteko aukera izateko. Baina uste dut lehen nolabaiteko oreka bazegoela eta orain, urtez urte, eremu banaketa desorekatzen ari dela; hau da, surflarientzako eremua handitzen ari dela, eta bainulariena murrizten. Gero eta surf eskola gehiago dagoenez, gero eta eremu zabalagoa behar. Eta hori nolabaiteko pribatizazioa da.
Surf eskolen ugalketa aurretik, ez beti, baina normalean bainatzeko eremua parean izaten nuen; orain, askotan, urruti samar geratu ohi da. Egoera horrek honela segituz gero, badut konponbidea. Etxean txanperoren bat edo beste badaukadala uste dut. Ba txanperoarekin sartuko naiz uretan bainu bat hartzera, ez olatuak harrapatzera.