Biribilgunea

Pibilegiodun bat pribilegioaz

Erabiltzailearen aurpegia Elaia Aizpurua

Elaia Aizpuruak urriko Zarautz Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Zerrenda bat idatzi nuen maleta itxi baino lehen, atzerrian emango dudan ikasturte honetan bisitatu, dastatu eta egin nahi ditudan gauza eta herrialde berri guztiekin. Luzea eta oparoa. Dagoeneko hasi naiz zerrendan tick-ak egiten, hilabete ere ez damakidan hiri honek ikusi nau irribarrez eta negarrez; ikusi nau irteerak antolatzen eta dirua xahutzen. Oraindik ez daukat guztiz garbi zenbat florin diren euro bat, txartelarekin ordaintzen dut eta ezustekoa gerorako utzi. Eurotan soilik dakit zenbat balio duen nire bizitzako ordu batek; ez dut florinetara itzultzeko ahaleginik egin, ez baitut nire ordu baten prezioa oilasko-izter batzuen azpian ikusi nahi. Gastatzeko egin dut lan, baina ez dakit zenbat gastatzen ari naizen ere, eta pribilegio hutsetik egin dezaket hori. Pribilegiotik har dezaket ostiral goiz batean hegazkin bat Europako beste edozein herrialdetara. Pribilegiotik ateratzen naiz parrandan asteazken batean. Pribilegiotik gauzatzen dut zerrenda.

Bertako ikaskide pare batek gogorarazten didate sarri samar pribilegiodun hutsa naizela, Erasmuseko burbuilaz haratago herrialdearen eta herritar arrunten egoera ez dela nire kalean saltzen diren postaletan irudikatzen den bezain ederra. Badakit hori, baina metroko linea berri bat hartu nuen aurrekoan lehen aldiz erosketa batzuk egitera joateko erdigunetik hogei minutura dagoen saltokigune batera; amari deitu nion harro ez nintzela metroan galdu kontatzeko, bakarrik eta lehen saiakeran iritsi nintzela, bertakoa banintz bezala. Gainontzeko metroak baino zatarragoa eta jendetsuagoa da linea hau, jaitsi behar nintzen metro geltokiko ingurua eta saltokigunerako bidea ere ez ziren postalgarriak. Pribilegiotik joan nintzen haraino behar nuenarentzat, eta pribilegiotik itzuli nire kale postalgarri xalora.

Maite dut aukeratu dudan hiria, baina hiriaren zati bat soilik ezagutzen dut egiazki, zatirik ederrena eta irrealena. Espero dut, ikasturte amaieran hiri honi agur esan behar diodanerako hiriaren ederrenaz haratago sakondu izana. Bitartean, asteko edozein egunetan parrandan ateratzen jarraituko dut, eta asteburuetan hegazkinak hartzen; pribilegiotik egin dezakedalako. Hala ere, zerrendan tick bat jartzen dudan bakoitzean gogoan izango dut nire kalean saltzen diren postalen antzera, bidaian erosten ditudanek ere badutela atzealde bat, pribilegiodun bat izateak ez nauela itsu bihurtzen eta badudala Erasmuseko burbuilaz haratago doan ardura bat.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide